Groseko eraikin zaharrenetakoa zen Mirakruz 19. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Hiriko eraikin historikoak babesteko nahiak mugimendua sortu du kalean, eta bulegoetan. Mirakruz 19 bota ondoren, Arte Ederretako eraikinak desadostasuna sortu du udalean.
Urte hasieran eraitsi zuten Groseko Mirakruz 19 eraikina. Azken unera arte saiatu zen eraisketa gelditzen SOS Mirakruz plataforma, eraikina babesturikoen zerrendan sartzen. Behin behinean lortu zuten eraisketa gelditzea, baina euren kargu hartu behar zuten kalte-ordaina eraikuntza enpresarentzako. Plataformak ezin izan zuen gastua bere gain hartu, eta udalak eraikina botatzeko baimena eman zuen urtarrilean.
Eraisketa ez zen prozesu erraza izan eraikuntza enpresarentzako. Lanetarako jarritako aldamioaren zati bat erori egin zen, eta horrek arazoak eragin zituen auzoan. Zorionez ez zen ezbeharrik gertatu. Donostiako?Udalak espedientea ireki zion eraikuntza enpresari, eta 75.000 eurora bitarteko zigorra jartzeko aukera zegoela adierazi zuen Ernesto Gasco alkateordeak. Azkenik, 900 euroko zigorra ezarri zieten.
Asko izan ziren Mirakruz 19 eraikina penaz agurtu zuten herritar eta eragileak. 1888an eraikitako etxebizitzaren arrastorik ez da geratzen, eta zegoen lekuan luxuzko etxebizitza zein apartamentuak egiteko asmoa dago.
Frontoirik gabeko?Arroka
Amarako Arroka kalean dagoeneko ez dago frontoirik. Donostiako Udalak abuztuan baieztatu zuen eraitsiko zuela, eta hitza bete zuen. Frontoiaren lekuan plaza bat egingo dute, auzotarrek martxoan horrela erabakita.
Udalak auzoan egindako partaidetza prozesua aitzindaria izan da hirian. Prozedurak desadostasunak sortu bazituen ere, Arrokako bizilagunek bi proiekturen artean aukeratu ahal izan zuten. Aurretik, Amara Bai elkarteak frontoiaren aldeko 960 sinadura jaso zituen. Horrek hein batean bultzatu zuen udala partehartze prozesu bat antolatzera. Otsailaren 21ean abiatu zuten, eta emaitzen zenbaketa martxoaren 31n egin zuten udaletxeko udal batzar aretoan. Plazaren alde agertu ziren bizilagunak. Horrela, abuztuaren 2an hasi ziren Arrokako frontoia eraisten.
San Bartolome hirigintza proiektuarekin harremana du desagerturiko frontoiak. Aurrera doaz San Bartolome muinoko lanak, eta udalak 2020rako bukatzea espero du. Amara Bai elkarteak salatu du informazio gutxi dagoela proiektuaren inguruan.
Arte Ederretako ezbaia
Etorkizunik gabe jarraitzen du Arte Ederretako eraikinak. Donostiako Udalak eta SADEk ez dute akordiorik lortu, 2017an ere. Epaitegien zain geratu dira bi aldeak. Udal gobernuan ere bi ikuspegi daude eraikinaren etorkizunaren inguruan. Sozialistak ez daude prest SADEren baldintzak onartzeko, eta EAJren ustez, galdu den aukera bat da.
Eraikinaren jabeek eta udaleko agintariek konpromisoa hartu zuten 2017an irtenbide bat emateko Arte Ederretako eraikinari. Azken hilabeteetan hainbat bilera egin zituzten, eta ikuspegien arteko talka areagotzen joan zen. SADEk udalari 13,7 milioi euro erreklamatu zizkion salaketa baten bidez. Ordea, erretiratu egin zuen negoziatzeko borondatea eman zenean bi aldeen partetik. Akordiorik lortu ez denez, salaketarekin aurrera egitea erabaki dute.
Arte Ederretako eraikinean zinema berri bat jartzeko proposamena egin zion udalak SADEri. Aldiz, erakinaren jabeek baldintza bezala jarri zuten Plan Orokorra aldatzea, zinema ez ezik etxebizitzak ere egin ahal izateko. Baldintza horren kontra dago udal taldeen gehiengoa.