Pozik egoteko moduan daude kirolzale donostiarrak bukatzear den urtearekin, izan ere, asko izan dira goragoko mailara jauzi egitea lortu duten taldeak.
Albiste onak utzi ditu orokorrean 2017ak kirol arloan. Izan ere, goiko mailarako pausoa eman dute hiriko talde askok. Laburpen gisa jaso ditugu igoera horiek lortu dituzten taldeen lorpenen nondik norakoak.
SASKIBALOIA
2016-2017 denboraldia Urrezko LEB ligan igaro ostean, hainbeste desiratutako igoera lortu zuen Gipuzkoa Basketek. Joan den uda gogorra izan zen klubarentzat, apirilaren 21ean igoera lortu bazuen ere, irailera arte ez zutelako jakin non egongo ziren, arrazoi ekonomikoak tarteko. Horrela, uztailean izena eman zuen ACB ligan jokatzeko, beharrezko baldintza guztiak bete ostean. Orduan oraindik klubak ez zuen babesle nagusirik, baina behin denboraldi berria hasita, lortu zuen Delteco enpresaren babesa, azaroan. Gipuzkoako makina-erreminta enpresa bat da, eta denboraldi batez behintzat taldeak izen berria du: Delteco GBC. Emakumezko presidente bat duen ACBko klub bakarra da Gipuzkoa Basket, Nekane Arzallus buru duela. Elkarrizketa egin genion denboraldi hasieran, eta argi zioen igoera sekulako poza izan zen arren, aldaketarik gogorrena Gaskatik Illunbera itzultzea izan zela.
Porfi Fisac 2015eko uztailean iritsi zen taldearen gidaritzara, eta igoera lortu ostean, berak jarraitzen du entrenatzaile postuan. Denboraldiaren hasiera ez da erraza izan taldearentzat, puntu gutxirengatik hainbat lehia galdu dituelako. «Bai, denok genuen argi, bera da entrenatzailea une honetan. Apustu handia egin zuen iaz gurekin egoteko, gure egoera ekonomikoa ikusita ere. Merezi zuen hemen egotea eta guk ere merezi genuen bera gurekin egotea», zioen Arzallusek. Edonola, indarberritu eta jaitsiera postuetatik kanpo dago Delteco GBC, urte berriari ilusioz begira. Zaleak eta bazkideak berreskuratzea ere buruan du klubak, azken urteetan jaitsiera handia izan baita.
FUTBOLA
Realeko gizonezkoen taldeak Lehenengo Mailan jarraitu du aurten ere. Bere igoera, ordea, beste era batekoa izan da. Hain zuzen, joan den denboraldian sailkapeneko goiko postuetan ibili zen, oso erregular arituz, eta azkenean seigarren bukatu zuen, Europako Ligarako sailkatuz. Lorpen horretaz aritu ginen Xabi Prietorekin, uztailean: «Europako Liga ez dugu zuzenean ezagutzen, baina uste dut talde polita dugula aurrera egiteko. Ea gai garen jendea ilusionatzeko eta guk ere gozatzeko». Ligaxkan bigarren geratu ziren txuri-urdinak, eta azken zozketan zoriak erabaki du Salzburgo izango dutela aurkari, beraz, otsailean jakingo da zer gertatuko den.
ARRAUNA
Donostiako arraun taldeak zorionekoak izan dira aurtengoan. Donostiarra arraun elkartearen gizonezkoen taldeak lortu du, azkenean, TKE mailarako igoera, arraunaren gorengo maila, hain zuzen. Denboraldi bikaina egin du Igor Makazagaren taldeak. KAE-1 liga irabazi zuten, hamabi bandera eskuratuta, eta, Bermeon eta Portugaleten jokatu zituzten play offeko estropadak, talde hauekin batera: Santurtzi, Samertolameu, Ares eta Puebla. Bi egunetan Santurtzi geratu zen lehenengo postuan, eta Donostiarra bigarrenean, bi segundoko tartera iritsi gabe. Bi talde horiek lortu zuten igoera.
Horretaz gain, Kontxako Banderan zazpigarren postuan geratu ziren. Gipuzkoako Traineru Txapelketan, gainera, brontzezko domina lortu zuen, Orio eta Hondarribiaren atzetik. Gainera, neguan ere distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan domina lortu zuten.
Denboraldia bukatu berritan, Ander Iriarte patroia eta Nikolas Yurramendi arraunlaria elkarrizketatu genituen: «Nabaritzen da jendeak jarraitu gaituela udan eta ezagutzen gaituela. Pentsatzen dut hemendik hamar egunera denek ahaztuko dutela, datorren urteko ligan Donostiarra ikusi arte. Momentua bizi behar da eta lortutakoaz gozatu», zioen Ander Iriartek . «Oso gutxitan izan dut denboraldia bukatzeko gogo handia, zorionez. Hurrengoari begira… beste taldeek baino gehiago emateko prest nago», esan zuen Nikolas Yurramendik.
Arraun Lagunaken emakumeen traineruak ere lorpen garrantzitsua egin du. Izan ere, bere hirugarren denboraldian lortu du Euskotren Ligarako sailkatzea, lehenengo aldiz; emakumeen arraunaren gorengo maila. San Juan, Orio eta Hibaikarekin aritu zen lehian: «Heldutasuna irabazi dugu uretan, eta urduritasuna kontrolatzen ikasi dugu», zioen Ainhara Plazaola arraunlariak, Euskotrenerako sailkatu berritan. Gipuzkoako Ligan laugarren postu horri eustea lortu zuten, Kontxako Banderan bezalaxe. Kontxako Bandera berezia izan da aurten, gainera, hamargarrena izan baita.
BELAR HOCKEYA
Donostiako Atletikoren gizonezkoen taldeak denboraldi bat igaro du bigarren mailan, eta lan oso onari esker, berriro ere Ohorezko Mailarako jauzia eman du. Orain atsedenaldi garaian dago liga, lehen itzuliak bukatuta, zortzigarren postuan bukatu dute, Koparako sailkatuz, Realeko emakumeak bezalaxe, azken txartel horri esker. «Aurten entrenatzaile berria dugu, talde gaztea da gurea eta oso pozik gaude. Hobeto joan zitekeen, baina gatozen lekutik etorrita, oso ongi ari gara», aipatu zigun Asier Iriarte jokalariak, abendu hasieran egindako elkarrizketan.