Material piroteknikoa zentzuz erabiltzeko eskatu du udalak
Urte Zahar gauari begira, material piroteknikoa erabiltzeak herritarrengan eragin dezakeen arriskuaz ohartarazi du Donostiako Udaltzaingoak. Bengala, petardo eta bestelakoen erabilerak gora egin duela gaineratu dute, batez ere, gazteen artean. Halaber, bide publikoan material piroteknikoa jaurtitzea debekatua dagoela azpimarratu dute.
Udaltzaingoak kontrol neurriak hartu ditu material hori modu irregularrean sal dezaketen saltokien gainbegiratzea indartuz.
Hiritarren Segurtasuneko eta Babes Zibileko zinegotzi Martin Ibabek hiritarrei eskatu die zentzuz jokatzeko, “urteko azkeneko gaua jai-giroan pasaz, baina suziriak eta petardoak gaizki erabiltzeagatik ezbeharrik gabe”.
Zigorren berri ere eman du Ibabek: “Adin txikiko batek lehergailu piroteknikoak baditu, eta adinez nagusiko batekin ez badago, materiala kendu eta isuna jarriko zaio. Eta gauza bera gertatuko da, baldin eta adinez nagusiko batek lehergailu piroteknikoak baditu eta kopuruak eta lehergailu motak pertsonentzako edo gauzentzako arriskutsuak izan badaitezke, batera lehertzen badira”.
Erabilera egokirako gomendioak
- Ez gorde lehergailurik poltsikoetan.
- Ez manipulatu lehergailuen osagarririk eta ez atera lehergailuen osgarririk.
- Ez bota petardorik pertsona edo animalien kontra.
- Ez bota eskuekin. Artikulua lurrean jarri beti eta metxa albotik piztu. Horrenbestez, jaurtitzaileak petardotik urruntzeko denbora izango du.
- Adi egon inguruan su hartu dezaketen lehergailurik edo likidorik egon ez dadin.
- Ez jarri petardorik adreiluetan edo botilatan. Lehertzen direnean metraila sortu dezakete.
- Artikuluak saltokietan eta baimendutako profesionalei erosi.
- Baldin eta petardo bat ez bada ondo pizten ez ukitu ordu erdi pasa arte.