Musika eta zinema tartekatuko dituzte larunbatetik aurrera
Hogeina musika-dokumental, lau kontzertu, zinemaren eta musikaren inguruko mintegia, argazki erakusketa eta argitalpen baten aurkezpena. Hori da Dock of the Bay jaialdiaren 2018ko egitarauaren laburpena.
Urte berriarekin batera, badator Dock of the Bay jaialdia. Urtarrilaren 6tik 13ra bitarte, eta hamaikagarren urtez, eskaintza zabala izango du Donostiako musika dokumentalen jaialdiak.
Aurten, Dock of the Bay jaialdiak hiru sail izango ditu programazio barruan: Sail Ofiziala, lehiaketan sartuko diren musikako zortzi dokumentalekin; Paint in Black atzera begirako saila, eta Perfect Day, nazioarteko urteko musika dokumentalen ekoizpenaren barruan lanik aipagarrienak bilduko dituen saila. Antzoki Zaharra eta Trueba zinemak izango dira jaialdia osatzen duten 20 izenburuen proiekzioez arduratuko diren aretoak.
Aurreko guztiari hainbat gauza batuko zaizkio gainera: saio paraleloak, horien artean dagoeneko sendotuta dagoen Ikusle Berriak saila; Gogoeta Seminarioaren hirugarren edizioa; duela gutxi hildako Johnny Hallydayren biografia bat; Kutxa Kulturrekin lankidetzan eginiko erakusketa bat, eta, nola ez, jaialdiaren inguruko jarduerak osatuko dituen musika programazioa.