Fikzio distopikoak Nosferatu zikloan
Joan den azaroan abiatu zen Nosferaturen ziklo berria: Etorkizun inperfektua(k). Distopiak eta zinea. Ekaina bitarte gizarte futurista bat irudikatzen duten hainbat film proiektatuko dituzte Tabakalerako zinema aretoan. “Gizarte futurista bat, zitala berez, non aurrerabide sozialean, teknologikoan, moralean jarria dugun sinesmena zeharo suntsituko baituten era guztietako gehiegikeriek eta abusuek, progresua lortu nahian aurrera eramandakoek… Hala eta guztiz ere, fikzio distopikoak ez dira bakarrik beren egileen irudimenak sortuak: deskribatzen dituzten izugarrikerien etorkizuna oraingoak eta egiazkoak diren ideiak edo arazoak denboran estrapolatzean datza, eta beraz, gure oraina ikuspegi kritiko batez aztertzeko balio digute”, dio Nosferatu zikloaren programaren aurkezpenak.
Urtarrilean hiru film emango dituzte. Urtarrilaren 10ean, Pasaporte para Pimlico (Passport to Pimlico, 1949); urtarrilaren 17an, El proceso (Le Procès, 1962); eta urtarrilaren 24an, Lord of the Flies (1963). Azken hau euskarazko azpidatziekin proiektatuko dute.
Saio bakoitzeko sarrerak 3,50 € balio ditu eta Donostia Kultura – Sarrerak webgunean eros daiteke, baita Tabakalerako informazio puntuan. Ziklorako abonuak (emanaldi guztiak eta bi liburu barne) 55 € balio ditu eta soilik Tabakalerako informazio puntuan eros daiteke.