Miramarreko eztabaida 'puztea' egotzi dio Eneko Goiak alderdi sozialistari
Gipuzkoako Batzar Nagusiak Miramar jauregian hotel bat eta jatetxe bat jartzearen kontra agertu ziren astelehenean. Dena dela, Miramarren harira sortu den eztabaida udalera iristeko arriskurik ez du ikusten Goiak.
Parte Zaharreko Kale Nagusian eraikiko den hotelaren inguruan ere galdetu diote alkateari. EH Bilduk egindako kritiken aurrean, esan du indarrean dagoen plangintzaren aurrekoa zela lizentzia eskaria, eta aurreko legediaren arabera bideratu dela.
Txillardegik udal errekonozimendurik egin ote dion ere galdetu diote Goiari. “Neurri batean bai, baina ETAko sortzaile izan zenez zailtasunak sortzen ditu. Kontuz lantzeko gaia da. Aldez aurretik beharrezkoak diren harremanak landu gabe sustatu dituzte ekimenak, eta modu horiek ez dute asko laguntzen”, azpimarratu du alkateak.
San Sebastian eguna
Hilaren 19 eta 20an ezarriko duten segurtasun planaz galdetuta, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin bilerak egiten ari dela esan du Goiak. “Yihadismoari aurre egitearekin batera, beste arriskuen aurrean herritarren babesa bermatzea dugu helburu”.
Emakumeen kontrako indarkeria sahiesteko protokolo guztiak ere prest daudela azpimarratu du. “Gaueko autobusak geraleku artean geldialdiak egiteko aukera ideia ona da, eta Bilbon indarrean jarriko duten neurria Donostiara ekartzea aukera asko ikusten ditut.
Euskadi Irratiko Faktoria saioan Eneko Goia Donostiako alkatea elkarrizketatu dute. Askotariko gaien inguruan galdetu diote, eta adierazpen esanguratsuak eskaini ditu.
Miramar jauregiaren etorkizunaren inguruan sorturiko eztabaida sozialistei leporatu die. Eraikinaren etorkizuna bermatzeko egin zen azterketan, hotelaren aukera osagarri moduan hartu dela aintzat adierazi du irratian. “Ikuspegi itxi horri helduta ari dira eztabaida nahasten sozialistak batzar nagusietan”.