Inauterietako Donostiatruk berezia egingo dute
Inauteriak iristear direla eta, Donostiatruk azoka berezia egingo dute urtarrilaren 27an, 10:00etatik 14:00etara. Bigarren eskuko objektuen azoka da Donostiatruk, hileko hirugarren larunbatean egiten dute beti, Easo plazan, baina urtarrilekoa atzeratu egin dute, sansebastianak zirela eta.
Horrela bada, larunbatean mozorroak egongo dira aukeran. Gainera, goizean zehar erosketaren bat egiten dutenek zozketa batean parte hartuko dute: Groseko Landare jatetxean bi pertsonentzatko bazkari edo afari bat.
Mozorroak eta osagaiak ekoizteko lantegia ere egingo dute larunbatean, Easo plazako kioskoan. Ikastaroa doakoa izango da eta joskuntzaren oinarrizko ezagutzak landuko dituzte partaideek. Interesa duena hurbildu beharko da kioskora, 11:30etik aurrera.
Mozorroak saltzeko aukera
Etxean duzun mozorro edo osagarriren bat saldu nahi baduzu, larunbateako azokan salgai jarri dezakezu. Horretarako, larunbatean bertan salmenta gordailura eraman beharko da materiala (gehienez bost produktu), 9:30etik 10:00etara, eta antolatzaileak arduratuko dira saltzeaz. Merkatua bukatzean, saldutakoaren etekina edo saldu gabekoa jasotzera itzuli behar da.