Maria Elosegi donostiarra hautatu dute Estrasburgoko auzitegiko epaile izateko
Maria Elosegi Itxaso izango da Giza Eskubideen Europako Auzitegian Espainiako Estatuari dagokion epailea.
Espainiak hiru hautagai aurkeztu zituen postuan Luis Lopez Guerra magistratua ordezkatzeko: Francisco Perez de los Cobos Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohia, Jose Martin Perez Nanclares Espainiako Atzerri Ministerioko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria eta Elosegi Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna. Elosegi aukeratu du Europako Kontseiluko Parlamentu Biltzarrak, gehiengo osoz.
Kulturartekotasunean oinarritutako elkarbizitzaren inguruko ikerketetan aditua da Elosegi, eta Zaragozako Unibertsitatean egiten du lana (Espainia). Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko azterketak ere egin izan ditu, eta Berdintasuneko Espainiako Legea landu zuen batzordeko kide izan zen. Nazioartean esperientzia zabala du, irakasle bisitaria baita Torontoko Unibertsitatean (Kanada), Chicagokoan (Ameriketako Estatu Batuak), Lavalekoan (Quebec) eta Giza Eskubideen Alemaniako Institutuan. Gainera, Bruselan egoitza zuen Zuzenbidearen Teoriaren Akademiako irakasle izan zen 2001etik 2009ra arte. Europako Kontseiluko Intolerantziaren eta Arrazakeriaren Aurkako Batzordeko kide ere izan zen 2013 eta 2017 artean.
Hautaketaren inguruko informazioa jaso dute Berrian.