Hiriko zazpi igogailutan jarriko dituzte kamerak, legez kanpoko ekintzak saihesteko
Hiriko zazpi igogailutan jarriko ditu kamerak udalak, legez kanpoko ekintzak saihesteko asmoz. Datorren astelehenean hasiko dira jartzen, eta honako lekuetan jartzea aurreikusten dute: Mundaiz, Cristina Enea, Akuarioa, Sagues, Aizkorri (2) eta Renferen geltokia.
Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotzia eta Enrike Ramos hirigintza zuzendariak batera egin dute lan kamerak non eta nola jarri adosteko. Hala adierazi dute: “Instalazio horietan, pertsonen kontra legez kanpoko ekintzak egitea prebenitzea eta, batez ere, eraso sexistak saihestea da helburua. Instalazioen kontrako ekintza bandalikoak prebenitzea eta zuzentzea, eta igogailuek gaizki funtzionatzea nahiz gelditzea zuzentzea nahi dugu”.
Gaur egun udalak hogei igogailu ditu. Horietatik zazpitan kamerak jartzearen kostua 17.000 eurokoa dela aurreikusten da eta 2017ko aurrekontua Berdintasun Programaren aurrekontutik ordainduko dute.