(Argazkia: Donostiako Udala)
Martuteneko espetxea ixteko aukera gertuago dagoela uste du Donostiako alkateak. Pasa den larunbatean, Eneko Goiak eta Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak topo egin zuten Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi zenari Polloen egindako omenaldian. “Berak atera zuen gaia. Martuteneko kartzelaren arazoak erantzun azkarra behar duela esan zidan”.
Ahalik eta eperik laburrenean gaiari buruz hitz egiteko asmoa agertu zion Zoidok Goiari. Baieztatu ez badu ere, otsailean Madrilen bilera berri bat egiteko aukera aztertzen ari da udala. “Agenda ixten ari gara, ministroarekin hitz egiteko ez bada ere, Espetxe zuzendaritzarekin”.
Martuteneko kartzela eraistea du helburu udal gobernuak Txomin Eneako hirigintza proiektuarekin aurrera egiteko. Espetxe berria Ezkuzaitzetan eraikitzea dago aurreikusita.