Ostiralean jarriko da abian Egiako TAO zerbitzua
Pasa den astean IRUTXULOKO HITZAk aurreratu bezala, Egiako TAO zerbitzu berria otsailaren 2an jarriko da abian. Margoketa lanak bukatuta eta txartelak ateratzeko makinak jarrita, Mugikortasun sailak zerbitzuaren xehetasunak aurkeztu ditu. Pilar Arana Mugikortasun zinegotziaren arabera, auzoak duen aparkatzeko arazoari erantzuna emango zaio.
Udalak guztira 1.360 bezero txartel eta ekonomia jarduerekin lotutako ibilgailuentzako 20 ikur banatu ditu. Era berean, txartelak ateratzeko 57 makina eta 86 seinale jarri dira, eta errepidean 7 kilometro inguru margotu dira aparkatzeko gune desberdinak zehazteko. Hain zuzen ere, 15 minutuko TAO komertzialak auzotarren ezadostasuna sortu du.
Banaketaren datuak
Egia auzoko goiko aldea egungo 2-3 sektorean kokatu dute. Auzoaren behealdeari ere zerbitzua ematen dio sektore horrek. Guztira, 2.227 aparkaleku arautuko ditu eta, horietatik, 621 bertakoentzako izango dira, 161 TAO komertzialekoak, eta gainerako 1.445 epe ertain eta luzeko aparkalekuak.
Auzoaren goiko aldean 1.725 aparkaleku arautuko dira –440 bertakoentzat eta 78 TAO komertzialekoak–. Auzoaren beheko aldean, berriz, , 502 aparkaleku egongo dira. Horietatik 181 aparkaleku bertakoentzako izango dira, eta TAO komertzialerako 83 toki bideratuko dira.
Egiako TAO zerbitzu berriaren ordutegia, hiriko gainerakoen parekoa izango da. Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara, eta larunbatetan 9:00etatik 13:30era.