Ayem Oskoz eta Naia Sanpedro EH Bilduko zinegotziak.
Sexu erasoak saihesteko hiriko garraio publikoari begirako eskaera zehatza egin du EH Bilduren udal taldeak. Hain zuzen, dBusek erdibideko geldialdiak aktibatzeko eskatu du, araudiak jasotzen duelako.
2016ko apirilean Donostian bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publikoaren arautegia onartu zen. Araudiaren 12. artikuluaren 4. puntuan jasota dagoena ez da betetzen ari, hau da, erdibideko geldialdiekin lotura duena. “Hiriaren irisgarritasuna eta segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko helburuarekin erabiltzaileek geldialdia eskatu ahal izango dute autobus linean ezarritakoetatik kanpo, zerbitzu bakoitzerako zehaztutako zati, baldintza eta ordutegietan”, azpimarratu dute Ayem Oskoz eta Naiara Sanpedro zinegotziek.
Puntu Kritikoen Prozesu parte hartzailean gaueko autobusen erabilera sustatzeaz gain, gaueko autobusetan geldiune eskaerak lantzea adostu zela gaineratu dute. “2017an, aldiz, Udal Gobernuak, segurtasun neurri bezala, soilik gaueko autobusen erabilera sustatzeko konpromisoa hartu zuen”.
Hori dela eta, EH Bilduk interpelazioa erregistratu du asteleheneko batzordean eztabaidatzeko eta erantzuteko: “Zer dela-eta ez da, hiriaren segurtasuna genero ikuspegitik hobetzeko helburuarekin, beharrezkoa den txosten teknikoa egin DBusen eta erabiltzaileek geldialdia eskatu ahal izateko aukera martxan jarri?”