Muriel Box zuzendariari eskainiko dio atzera begirakoa Zinemaldiak
Muriel Box (1905-1991) zinemagileari eskainiko diote atzera begirakoa zinemaldiaren 66. edizioan. Emakumeek zinemagintzan izan duten rola azpimarratu nahi du jaialdiak Boxen lanak proiektatuz, eta haren gaitasuna nabarmendu dute, generoko lanetan ere autore begirada txertatzen asmatu zuelako.
Gai konplexuak eta galaraziak tratatzen zituen Boxek: besteak beste, prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez legitimoak edo nerabeen arteko sexua. Funtsezkoa izan zen haren figura 50eko eta 60ko hamarkadako zinemagintza ingelesean.
Azaldu dute haren filmografia berrikustea funtsezkoa dirudiela gaur egun, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko, baina ez dela asko ikertu Boxen lanaren inguruan. Zinemazaleen artean nolabaiteko prestigioa duen arren, azterlan gutxi egin dira bere obrari buruz, eta haren inguruko aipamen labur batzuk baizik ez dira jaso zinemaren historia orokorrean. Dena den, Boxen ibilbideak, Oscar bat ere jaso zuen Sydney Box senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veil filmeko gidoiagatik. 1946. urtean izan zen, eta sari hori lortu zuen historiako bigarren emakumea izan zen.