(Argazkia: Belartza 2 Gelditu)
Albiste on bat jaso dute Añorgan, izan ere, Belartza 2 gelditu plataformako kideek jakin dutenez, aurreikusia zegoen merkataritza gune baten proiektua geratzea lortu dute: “Jakin dugu Elektrak erosi dituela lurrak, eta bi edo bost urtean ez dutela saltokirik egingo. Erabilera industriala duen gunea izango da, eta printzipioz guk eskatzen genuena betetzen da, ez dela zoruaren aldaketarik egongo”, adierazi diote plataformakoek IRUTXULOKO HITZAri. Plan berezia aurkeztu eta onartu zuten gune horretarako, eta Oassa Savoisieneren eraikinaren lekuan zuten asmoa merkataritza gunea eraikitzeko. Plataformak alegazioak egin zituen, talde ekologistekin batera. Alegazio horiek onartu zituzten, hau da, legeak esan zuen planifikazioa interes orokorraren aurka zijoala: “Bertan behera geratu zen proiektua, eta lurren jabeak hasi ziren beste erosle batzuen bila. Azkenean, Elektrak erosi du, gure irabazi bezala hartzen dugu, eta berriro ere eztabaida zabaldu nahi dugu gainontzeko proiektuekin”. Añorgako denda txikiei kalte egingo zien proiektuak, plataformakoen ustez, eta udaleko teknikarien estimazioen arabera, eguneko 6.000 auto gehiago ibiliko lirateke. Adibidez, duela hilabete gutxi ireki dituzten Mc Donalds eta Mercadonaren eragina nabaritzen ari direla diote: “Ibilgailuen zirkulazioa asko handitu da ordu zehatz batzuetan eta askok ez dute gehienezko abiadura errespetatzen. Mc Donaldseko zaborra ere inguru askotan agertzen ari da eta bizilagun asko erreta daude gaiarekin”.
Bihar, asteazkena, astero bezala bilduko dira, Jolas Etxean, 17:00etan. Azken berrien eta kontu gehiagoren inguruan hitz egingo dute. Izan ere, plataformak lanean jarraitzen du, Teresategi eta Errekalde inguruan ere proiektuak abian baitaude: “Ez gatoz bat basoa txikitu eta 30.000 metro koadroko Leroy Merlin erraldoi bat eraikitzeko egitasmoarekin. Oraingoa lorpen txiki bat da; Oassakoa 15.000 metro koadroko proiektua zen, Teresategin 30.000 metro koadro dira eta Belartza 2n 209.000 metro koadro”.
Belartza 2 poligonoaren aurka sortu zuten plataforma, Añorgako lurrak babesteko.
IRUTXULOKO HITZAk Belartza 2 Gelditu plataformako kideekin hitz egin zuen azaroan.