Añorgako kideek egindako mendi irteera bateko irudia. (Argazkia: Añorga KKE)
Baztanera antolatu du hilabete honetako irteera Añorga KKEko mendi taldeak, otsailaren 18rako. Zehazki, pare bat tontor egingo dituzte, Beartzundik aterata: Argibel (991 m) eta Alba Haitz (1.075 m). Jolas Etxean geratuko dira, ohi bezala, elkarrekin irteteko, 7:30ean. Txangorako izena emateko zerrenda Jolas Etxean bertan egongo da, ostegunera arte.
Ibilbide zirkularra egingo dute, Beartzun auzotik aterata. Belauneko lepora joango dira, eta, handik, Argibelera iritsiko dira. Beorzako lepoan barrena, Alba Haitzaren tontorrera igoko dira. Ondoren, Urballoko lepora jaitsiko dira, eta Larrabeltzeko harrietara igotzeko asmoa dute, berriro ere Beartzunera iristeko.