Eraikinak birgaitzeko lanetan kalitatea bultzatzeko kanpaina abiatu du udalak
Donostiako Udaleko Etxegintzak eraikinen kalitatezko birgaitzea egin ahal izateko argibide kanpaina abiatu du beste hainbat eragilerekin batera. Hala nola, ASCONGI, ADEGI, Gipuzkoako Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofiziala, eta Gipuzkoako zein Arabako Finka Administratzaileen Lurralde Elkargoak.
Erreforma proiektuetan oinarrizko hiru bitartekari daude: elkargo ofizialeko kide den finka administratzaile bat, elkargo ofizialeko kide den arkitekto teknikoa-aparejadorea eta erreformaz arduratzen den enpresa eraikitzailea. “Obra edo erreforma bat egiteko profesional egokiak erabiltzea garrantzitsua da”, esan du kanpainaren aurkezpenean Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak.
Kanpainaren bitartez, dibulgazioa, informazio eta prestakuntza dinamikak abian jarri nahi dituzte. 3.000 argibide liburuxka banatuko dituzte elkargoen bulegoetan, eta informazioa bakoitzaren webgunean ere kontsultatu ahal izango da.