Euskal Kultur Erakundeak eta Donostia Kulturak lankidetza hitzarmena berritu dute 2020ra arte
Euskal Kultur Erakundeak eta Donostia Kulturak bien arteko lankidetza hitzarmena berritu dute 2020ra arte. Bi erakundeek 2010ean sinatu zuten lehen aldiz euren elkarlanerako hitzarmena, eta orduz geroztik jaso dituzten emaitza onak eta etorkizuneko aukerak ikusita kidetza hori beste bi urtez luzatzea erabaki dute.
Iparraldeko euskarazko kultur eskaintza Donostia Kulturako programazioan gehituz ezagutaraztea eta Donostialdeko artista eta eragileak Iparraldean aritzea ditu helburu akordioak, bi erakundeen arteko harremanak sakondu eta egonkortzearekin batera. Elkarlan honetan burutuko diren ekimen guztiak Donostia Iparraldea izenpean aurkeztuko dira.
Hitzarmen berriak Hecho en Casa konpainiaren Cyrano haur eta helduentzako lana dakar, besteak beste. Hervé Estébeteguyren zuzendaritzapean sorturiko ikuskizun hau otsailaren 16an estreinatuko dute, Lugaritz kultur etxean.