Gizarte Larrialdietarako 2,4 milioi euroko laguntzak emango ditu udalak
Iaz baino 225.000 euro gehiago bideratuko ditu Donostiako Udalak Gizarte Larrialdien laguntzetarako. Tokiko Gobernu Batzordean adostu du aurten 2,4 milioi ematea, eta Gizarte Ekintzako sailari baimena eman dio, beharra egongo balitz, kopurua handitzeko.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak onarturiko aginduak udala ahalbidetzen du eskatutako laguntzak bideratzeko ondorengo gastuak ordaintzeko: errentamendua, azpierrentak, ostatu-kontratua edo apopilotza baterako errentamendua, hoteletan edo ostatuetako alojamenduak, ohiko etxebizitzako hipoteka kredituen interesak eta amortizazioa, eta etxebizitzaren sarrera.
Gizarte Larrieldietarako laguntzak presazkoak izan ohi dira, eta hilero ordaintzen dira. “Laguntza horien izapidetzearen eta ordainketaren atzerapenak zailtzen die diru-sarrerarik gabeko edo diru-sarrera bajuko familiei alokairu errentak eta hipotekak ordaintzea eta, beraz, arriskuan jartzen du pertsona horiek bizileku bat izatea”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Iaz laguntza hauek jasotzeko 2.826 eskaera jaso zituen Gizarte Ekintzako sailak; 2016an baino 96 gutxiago. 2.539 familiak jaso zituzten laguntzak -2016an baino 156 gutxiago-. Guztira, 4.444 pertsonak jaso zituzten laguntzak, 2016an baino 426 gutxiago.