(Argazkia: Bagera).
5 eta 17 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago Izarrak Plazara proiektua eta antolatzaileek azaldu dute ireki dutela dagoeneko izena emateko epea. Zabalik egongo da martxoaren 17ra bitarte.
“Musika tresnak jotzea, kantatzea, dantzatzea, antzerkia egitea, txisteak kontatzea, bertsoak kantatzea, magia egitea, zirku ikuskizunak eskaintzea… gogoko dutenek hementxe dute aukera”, hala azaldu dute antolatzaileek. Helburuak sormena lantzea eta elkarrekin euskaraz ondo pasatzea direla aipatu dute.
Ekimena bi kategoriatan banatuko da, adinaren arabera: 5-11 urte bitartekoak eta 12-17 urte bitartekoak. Partaideek taldeka edo bakarka aurkezteko aukera izango dute eta ikuskizun originala edo moldatua izan daiteke. Ikuskizunak gehienez 5 minutukoak izango dira eta euskaraz izan beharko dute.
Izena ematea hemen egin daiteke.