Lucas Egibarrek ez du zorterik izan Neguko Olinpiar jokoetan
Hego Koreara joan aurretik IRUTXULOKO HITZAk Egibarrekin hitz egiteko aukera izan zuen: «Gozatzera joango naiz. Momentu berezia izaten ari da nire kirol ibilbidean, azken emaitzak onak izan ez badira ere. Helburuak betetzeko jarrera onarekin noa». Ordea, ez du zortea bere alde izan.
Huts egite batek eta eroriko batek dominen lehiatik kanpo utzi du Lucas Egibar donostiarra, Pyeongchangeko (Hego Korea) Neguko Olinpiar jokoetan. Final-zortzirenetako snowboardkrosseko kanporaketan izan du erorikoa Egibarrek, Omar Visintin italiarrarekin talka egin ostean.
Bosgarren bukatu du seriea eta lehen hiruek zuten aurrera egiteko aukera. Sailkapen jaitsieran ez da ondo moldatu, eta bigarren aukeran lortu du final-zortzirenetarako sailkatzea.