Giro aparta Antiguako bodyboard txapelketa kinkian
Bodyboard txapelketa kinki arrakastatsuaz gozatu dute gaur arratsaldean Ondarretako aldapara gerturatu direnek. Egunean zehar eguraldiak eskaini duen tarte bakarrenetarikoa aprobetxatu dute partaideek itsasaldiarengatik ordubeteko atzerapenarekin hasi den lehiaketan. 50 pertsona inguruk hartu dute parte txapelketa kinkian, lau txandatan banaturik. Finalean, Julen Barroso izan da garaile, Alain Txiki bigarren, eta Jon Arrese eta Unai Fernandez hirugarren eta laugarren.
Antiguako lagun talde batek sortu eta lau urtez antolatu zuen lehiaketa. Hamar urtetan zehar egiteari utzi zioten, ordea, aurten bosgarren edizioarekin berreskuratzea erabaki duten arte. “Inori baimenik eta laguntzarik eskatu gabe antolatu da beti txapelketa”, Ales Ganzarain antolatzailearen hitzetan. Berak azaltzen duenez, “gure kabuz egin dugu dena, honekin oso ondo pasatzen dugulako, eta hurrengo urteetan aurrera jarraitzeko asmoa dugu”.
Eskuak eta barrenak berotzeko txokolatadaz gozatu ahal izan dute ere txanda batetik bestera. Amaitzerakoan, Txantxarreka gaztetxera igo dira sari banaketa eta luntxarako. A la vuelta de la eskina rap taldeak bertan eskaini duen kontzertuarekin jarraitu dute gero festa.
Egunak utzitako irudiak bideo eta argazkietan jaso ditu IRUTXULOKO HITZAk: