Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eneko Goia Donostiako alkatea. (Argazkia: Gipuzkoako Aldundia)
Giza eskubideei buruzko hezkuntza sustatuko du Aieteko
Eskura izeneko Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen zentroak. Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute zentroa abian jartzeko.
Gaur goizean aurkezpena egin dute Aieteko eraikinean, eta bertan adierazi dute
Eskura zentroaren jarduera izango dela hezkuntza, gizarte zein partaidetza pedagogiarako baliabideak “biltzea, sortzea eta hedatzea”. Hain zuzen ere, euskal gizartearen eskura ipiniko ditu unitate didaktikoak, ikus-entzunezko dokumentazioa, testuak edo literatura eta musika-obrak.
Giza eskubideei buruzko memoria eta hezkuntzan abian diren azpiegiturentzako pieza osagarria izango da. Jarduerak urteko bi egitasmo izango ditu ardatz: nazioarteko mintegi bat eta Giza Eskubideei buruzko Baliabide Pedagogikoen Tokiko azoka bat.
Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren legatuaren eta horrek kultura bizikidetza hobea eraikitzeko tresna gisa sustatzeko helburuaren parte da. Era berean, azpiegitura euskal gizarteak bizi duen bake-prozesu eta bizikidetzaren ondorioetako bat dela ere esan daiteke.
Hitzarmena sinatuta zentroaren jarduerari hasiera eman diote, eta lehenengo fasea 2019ko ekainaren 30era arte luzatuko da. 266.400 euroko aurrekontua izango du lehen faseak.