Bulebarrean bukatu dute mobilizazioa. (Argazkia: Malen Aldalur)
Jende ugari bildu da arratsaldean Zubietako erraustegiaren aurka egin duten manifestazioan.
Osasuna bai, erraustegia ez lelopean
Gipuzkoa osotik etorritako jendeak hartu ditu hiriko kaleak. Emakumeek eraman dute pankarta eta atzean hainbat lagun joan dira probintziako herrien izenak eta horiek erraustegitik zenbat kilometrotara dauden zioten kartelak eskuan hartuta.
Gipuzkoa plazan hasi dute mobilizazioa eta Bulebarrean bukatu dute. Bertan, Erraustegiaren Aurkako mugimenduko kideez gain, bertsolariek eta mediku batek ere hartu dute hitza. Ohartarazi dute berandu baino lehen atzera bota behar dela Zubietako erraustegia eta hark herritarrengan sortu ditzakeen zenbait gaixotasun aipatu dituzte, tartean, minbizia. Gipuzkoako Aldundiari eskatu diote indarrak birziklapenean jartzeko.
Bestalde, manifestazio burua Bulebarrera iristerako talogileak zeuden bertan. Manifestariek irrintzi eta talo artean amaitu dute mobilizazioa.