Parte Zaharrean Bizi elkarteko kideak. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ostegunean, hilak 1, Donostiako Udalbatzak Pisu Turistikoen Ordenantza berria onartzeko ezohiko udalbatzarra egingo du. Egun berean, Parte Zaharrean Bizi, IZBE Intxaurrondo eta Uliak Auzo elkarteek, eta Donostialdeko Etxegabetzeak Stop plataformak elkarretaratzea egingo dute udaletxe aurrean, 11:00etan. Ordenantza justu bat adosteko eskatuko dute, etxebizitzarako eskubidea eta auzoko bizi kalitatea defendatuko duena.
“Ordenantza ez da hiritar askoren etxebizitzarako eskubidea defendatzen ari, gainezka egin duten guneak bezala deklaratu diren Parte Zaharra eta kaia izan ezik beste gune guztietan lehen solairutik gora pisu turistikoak jartzea baimenduz. Hau pisuaren altura eta metro karratuen arabera egiten da, gainerako gune horiek gainezka noiz egiten duten jakiteko era objektiborik izan gabe”, adierazi dute elkarteek ohar baten bidez.
Elkarretaratzea egingo duten elkarteek ez dute nahi Parte Zaharreko “masifikazioa, merkataritza txikiaren galera eta bizi kalitatearen kaltea” errepikatzea inguruko auzoetan. “Aldi berean, ez dugu nahi alokairuaren igoeraren eta pisuak negozio aberasgarriak bihurtzearen ondorioz alokairua ezin ordaintzeagatik ematen diren etxegabetzeak ugaritzea nahi”, azpimarratu dute.
Lehiaren Euskal Agentziak etxebizitza bat izateko ezintasunaren egoerari “entzungor” egin diola gaineratu dute. “Ordenantza hau gehiago liberalizatzearen alde egin dute, pisu turistikoen interesen alde”.