Garbera zentroko krisi mahaia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Bart gauean eta goizean izandako elurtearen eraginez, krisi mahaia aktibatu du Donostiako Udalak, Garberako kontrol-zentroan. Bertatik koordinatu dituzte zerbitzu guztiak. Lan horretan parte hartu dute Babes Zibilak, Suhiltzaileek, Udaltzaingoak, Dbusek, Mugikortasunak, mantentze-lanetako zerbitzuek eta osasun zerbitzuek.
Udalak jakinarazi duenez, goizaldetik elurra kentzeko sei makina aritu dira lanean hiriko errepide nagusiak garbitzeko, eta lehentasuna eman diote ospitaleetara iristeko bideei eta hiriko gune garaienei. Leku horietan gertatu dira zailtasun handienak. Era berean, 3:00tik aurrera 30 tona gatz bota dituzte hiriko bideetan.
Hiriko irteerak eta sarrerak itxita egon dira goizean zehar eta, horrek eragin du trafiko arazorik handiena, izan ere, ezin zen ibili Donostiako saihesbidetik.
Dbus-eko zerbitzuek ere eragin handiak izan dituzte goizean. Lehen orduan aurreikusitako 100 autobusetatik bakarrik 70 atera ahal izan dituzte. Eta, gainera, autobus horiek ibiltzeko arazo handiak izan dituzte. 29 lineetatik 18 zerbitzuz kanpo egon dira goizean zehar, eta gainerakoak atzerapenarekin edo mugatutako ibilbideekin ibili dira. 10:30 aldera zerbitzuen %80 martxan zegoen. Gainera, autobus geltokia zerbitzurik gabe egon da goizean, eta TAO zerbitzurik ere ez da egon. Bi zerbitzu hauek arratsaldeko lehenengo orduan hasiko dira berriro.
Izandako gertakarien artean azpimarragarriena honakoa izan da: Reina Regente kalean sute bat egon da arazo elektriko bat dela eta. Suhiltzaileak azkar iritsi dira eta eta sutea kontrolatu ahal izan dute eta, beraz, ondorio larririk ez du izan.
Babes Zibiletik eta Udaltzaingotik gomendatzen dute ibilgailu pribatua ez erabiltzea egoera bere onera itzuli arte. Hiri-Segurtasun eta Herri-Babeseko zinegotzi Martin Ibabek honakoa azpimarratu du: “Ordu zailak pasa ditugu egin duen elurtea dela-eta. Baina, zorionez larrialdi zerbitzuek bere lana egin ahal izan dute eta ez da gertakari zein kalte pertsonal larririk egon”.