(Argazkia: Nagore Koch)
Carlos Perez Garrido hil zen joan den astean. Amaia bere alaba elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, eta kontatu du bere aita izan zela zuritoaren sortzailea: “Parte Zaharrean ibiltzen zen lagunekin txikiteoan. Zioen garai horretako ardoa oso txarra zela, eta garagardoa edaten hasi zen”. Kontua da garagardoak garai hartan tamaina handian ateratzen zituztela, eta taberna batzuetan erdia eskatzen hasi zela, ezin zuelako lagunen erritmoa jarraitu. Pixkanaka Carlosen lagunak ere garagardoa edaten hasi ziren: “Hasieran, Minia deitzen zioten neurri horri, baina beraien peñak Zurito izena zuen, Kordobako Gabriel de la Haba toreroaren omenez. Irutxulo tabernako Patxi Alkortak erabaki zuen neurri horretako garagardoari ere Zurito deitzea”. Ondoren, inguruko tabernetara ere zabaldu zen ohitura. Seme-alabak txikiak zirela, Carlosek istorioa kontatzen zien, baina ez zioten sinisten.