Aurtengo dFeria jaialdiaren arrakasta azpimarratu dute bere antolatzaileek
DFeria Arte Eszenikoen jaialdiaren XXIV. edizioa ospatu zuten martxoaren 5etik aurreko ostegunera arte. Egun batzuk pasata, jaialdiaren balorazioa egin dute gaur bere antolatzaileek, aurtengo edizioa “arrakasta handikoa” izan dela ondorioztatuz. Guztira, 8.400 ikusle hurbildu dira lau egun horietan zehar eskaini diren emanaldietara, %84ko okupazio mailarekin. Ikuskizunez gain jarduera paraleloetan parte hartu duten pertsonak kontutan hartuta, ordea, 14.400era igo da aurtengo dFeriaz gozatu duten lagunen kopurua, %9ko hazkundearekin iazko edizoarekin alderatuta.
Besteak beste, aurkeztutako ikuskizunen “kalitate handia” eta “euskal antzerki eta dantzaren mailaren erakusgarritasuna” nabarmendu dituzte antolatzaileek. Gainera, jaialdiko programazioan 18 herrialdetako pertsonek parte hartu dutela gogorarazi nahi izan dute. Orokorrean, hortaz, balorazio baikorra egin dute dFeriako kideek, jaialdiak “antzerki eta dantzaren arloa sustatzen eta bistaratzen” egindako lanagatik.