
Bi urtetik behin antolatzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Medicus Mundi elkarteek Gazteak Hegoaren Bila lehiaketa. Aurtengoa seigarren ekitaldia da, eta 19 eta 30 urte arteko berrehun gazte baino gehiago ari dira parte hartzen, lau laguneko taldeetan.
Martxoaren 5ean abiatu zuten lehiaketa, eta partaideek gogoeta egin behar izan dute osasun zerbitzuetan gertatzen diren egoera injustuen inguruan. Helburua da gazteak osasun arlo inklusiboaren alde mobilizatzea. Lehiaketak lau proba ditu,
lehenengoa argitaratu dute, eta taldeak horretan ari dira lanean. Lehen proba horretan, esketx bat sortu behar dute, denentzako osasunerako eskubidea aldarrikatuz. Hurrengo probak martxoaren 19an eta apirilaren 2an abiatuko dituzte; azken proba apirilaren 21ean egingo dute Donostian, sari banaketa ekitaldian.
Ertamerikara bidaiatuko dute irabazleek, eta aukera izango du Medicus Mundik duen lankidetza lana hurbiletik ezagutzeko. Bigarren sailkatzen den taldeak bidaiatzeko diru-laguntza bat jasoko du, Espainiara edo herrialde mugakide batera, lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko.