Martin Ibabe eta Pilar Arana zinegotziak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraioetako zinegotziak eta Martin Ibabe Hiritar Segurtasuna eta Babes Zibileko zinegotziak 2017an hirian emandako istripuen inguruko datuak aurkeztu dituzte gaur goizean. Iaz guztira 1.783 trafiko istripu gertatu ziren Donostian, aurreko urtean baino 32 gehiago, zinegotziek jakinarazi dutenaren arabera. Istripu horietatik 832tan egon ziren biktimak, 983 zauritu eta bi hildakorekin.
Datuak ez dira positiboak, Ibaberen ustetan, 2016ko datuekin alderatuta istripuek gora egin duelako. Zentzu horretan, udalak Udaltzaingoarekin “istripu kopurua gutxitzeko lanean” jarraituko duela adierazi du Segurtasun zinegotziak. Harrapatzeei dagokionez, ordea, kopuruak behera egin zuen 2017an, 100 harrapatzerekin (2016an baino 23 gutxiago).
2017an, Donostian 112.567 ibilgailu zeuden erroldatuta, 75.946 auto eta 26.316 motorrekin.