Belartzako harri pilaketen auzia EAE-ko Auzitegi Nagusira eramango du Haritzaldek
2016an Donostiako Udalari administrazioaren aurkako auzi helegitea jarri zioten epaitegian. Belartza 2 Gelditu plataforma eta Haritzalde ez dira gustura geratu epaiarekin eta EAEko Auzitegi Nagusira jotzea erabaki dute.
Azaldu dute auziaren ebazpenean jasotzen dela udalaren jarrerak juridikoki zalantza handiak sortzen dituela eta, beraz, ez dutela ulertzen Haritzalderen abokatuen argudioak aintzat ez hartzea: “Epaian ez dira aipatzen aurkezturiko arrazoibide eta helegiteen erreferentziak, ezta aurkezturiko jurisprudentzia ere”.
Salatu dute “administrazio ingeniaritza” erabiliz, sustatzaileek epeak luzatzeko asmoa dutela: “Isuritako materialak Belartza 2 eremuan erabili nahi dituzte eta trikimailu guztiak erabiliko dituzte hiriak behar ez duen poligono erraldoia eraikitzeko”. Izan ere, salatu dute harri pilaketek okupatzen duten eremua Anoeta lau aldiz bestekoa dela eta zazpi metroko altuera duela.
Baikor dago Belartza 2 Gelditu plataforma EAEko Justizia Auzitegi Nagusiarekin: “Ez dugu zalantzan jartzen Auzitegi horren independentzia eta ziur gaude zuzenbideko azterketa sakona eta egokia eginez gure alde egingo dutela jurisprudentzia ezarriz”.
Belartza goikoan egiten ari diren harri pilaketak eta isuriak salatu dituzte behin baino gehiagotan Belartza 2 Gelditu plataformak eta Haritzalde Naturzaleen elkarteak.