Parte Zaharreko Enbata denda. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Auzoko merkataritza bultzatzeko asmoz, mahai inguru bat antolatu du Amara Berriko Ilunki kultur elkarteak: ‘Hiri memoria, merkataritza, espazioa eta herritarrak’. Hitzaldia apirilaren 18an izango da, 19:00etan, Errosarioko Andre Mariaren parrokiako ekitaldi aretoan: «Pentsatzen dugu komertzioak bizitza ematen diola auzoari. Beraz, auzoan dauden merkatarien bi elkarteekin izan gara, eta dendaz denda joan gara euren kezkak eta nahiak jasotzen», diote antolatzaileek.
Mahai inguruan landuko dituzte merkataritza gune handiak, turismoaren eragina merkataritzan, eta hiri espazioa eta dendekin duen harremana. Aditu hauek parte hartuko dute: Iñaki Uriarte arkitektoa, Juan Mari Larrarte Elkar-eko marketing zuzendaria, Antxon Lafont Baionako merkataritza Ganbarako zuzendari ohia eta Aitziber Imizkoiz Iruñeko Turismo bulegoaren arduraduna. Haizea Solagurenbeaskoa izango da moderatzailea.
Aurretik ere hitzaldi bat antolatu zuten Iruñeko merkataritza arloan egiten ari direnaren berri jakiteko. Gainera, duela hilabete martxa bat antolatu zuten auzoan barrena,merkataritza gune handien «inposaketa» salatzeko. Turismoaren gaiarekin ere kezkatuak daudela diote:?«Amara Berriko gazteak ezin dira auzoan geratu. Turismoak garestitzen ditu etxebizitza eta alokairuen presioak etengabe».