LABek iaz Donostian lan istripuen aurka egindako manifestazioa. (Argazkia: LAB)
LAB sindikatuak manifestazio desberdinak antolatu ditu Euskal Herriko herrialdeetan larunbatean ospatuko den Lan osasunaren nazioarteko egunaren harira. Gipuzkoari dagokionez, sindikatuak ostiralean egingo du manifestazioa, Donostian, Bilbo plazatik abiatuta.
Mobilizazio hauen bitartez, iazko urtean lan istripuetan emandako heriotzen kopurua salatu nahi dute sindikatutik. Izan ere, 2007an guztira 54an langile zendu ziren Euskal Herrian lan istripuetan, horietatik 15 Gipuzkoan gertatu zirelarik. Galder Sierra LABeko Donostiako idazkariak arazoa are larriagoa dela azaltzen du, ordea, lanaren eraginez hildako langileen kopurua askoz altuagoa delako. Bere hitzetan, “lan istripu batean hiltzen den langile bakoitzeko, hamar pertsonek heriotzara eramaten dituen gaixotasun bat hartzen dute lanean izandako jardunaren ondorioz”.
Egoera hori salatzeko irtengo dira kalera ostiralean, “Lanean bizirik eta osasuntsu” lelopean. Manifestazioa 11:30etan abiatuko da hiriko erdigunean zehar, Lan Ikuskaritzaren eraikinaren parean amaitzeko.