Maiatzaren Lehenean hiriko sindikatuek ekitaldiak eta mobilizazioak egingo dituzte Donostian, prekarietatea salatu eta langileen eskubideak aldarrikatzeko asmoz.

LAB sindikatuko kideek Antiguako Jose Maria Sert plazan ipinitako pankarta. (Argazkia: LAB)
Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, datorren asteartean estatu mailako sindikatu eta eragile desberdinak kalera irtengo dira prekarietate laborala beste behin salatu eta langileen eskubideak aldarrikatzeko. Donostian, Euskal Herriko beste hiriburuetan bezala, sindikatuek hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu dituzte goiz eta eguerdirako.
LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenaren aldarrikapena periferiako lan zentroen eremuetatik hirigune eta auzoetara zabaltzeko helburua finkatu du aurten. Sozializazio lanketa baten bitartez, aldarrikapen horiek kaleetan egon daitezela bilatu dutela azaltzen du Galder Sierra sindikatuko Donostiako idazkariak. Horretarako, auzoz auzo ibili dira azken asteetan mobilizazioetarako deialdia hirian zehar zabaltzen.
Zentzu horretan, aurten herritar eta langileengandik «hurbilago» egoteko saiakera egingo dutela esplikatu du Sierrak. Hori posible egiteko, LABek manifestazioak eskualdeka egingo ditu asteartean, mobilizazioen deszentralizazioa bilatuz. Donostiakoa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik, hiriko erdigunea zeharkatuz, Alderdi Ederren egingo duten ekitaldi batekin amaitzeko.
Mobilizazio horretan funtsean hiru gai jorratuko dituztela zehazten du Donostiako idazkariak. Azkenaldiko Donostiako errealitate sozio-ekonomikoari erreparatuta, sindikatuaren ustetan arreta berezia merezi duten hiru arlo prekarizatu ikustarazi nahi dituzte LABeko kideek: turismoarekin erlazionatutako lanpostuak, sektore feminizatuak eta gazteen lan aukerak, alegia. Errealitate horiek islatzeko, esperientzia pertsonalak bilduko dituzten hiru hitzartze eskainiko dira manifestazio amaierako ekitaldian.
CCOO?eta UGT sindikatuek ere mobilizazioak antolatu dituzte, bat eginik, Euskal Herriko hiriburu desberdinetan. Donostian, 12:00etan abiatuko dute manifestazioa, Alderdi Ederretik, Irabazteko garaia da! lelopean.
Steilas, ESK, CGT-LKN, COBAS?eta CNT?sindikatuak bat eginda aterako dira kalera protesta egitera. Borrokarako batasuna. Maiatzak 1 aurrera! lelopean, Errenteriako Alamedatik martxa bat abiatuko dute goizeko hamarretan, Donostiara bidean. Manifestazioa hasiko dute ondoren Bulebarretik, 12:30ean, eta honen amaieran sindikatu bakoitzeko ordezkari batek hitzaldi bat eskainiko du Bretxa parean.
ELA sindikatuak Bilbon egingo duen manifestaziora joateko autobusak jarriko ditu hiritarren eskura. Goizeko bederatzietan abiatuko dira, Anoeta estadio ondoko Xanti jatetxetik.