
San Telmo museoko erakusketa iraunkorreko pieza bat. (Argazkia: San Telmo Museoa)
San Telmo Museoak euskal kultura gastronomikoa definitu duten hamar mugarriren berri izatera gonbidatu nahi ditu bisitariak, Erromatar Inperioaren eraginarekin hasi eta 80ko hamarkadan sortu zen euskal sukaldaritza berriarekin buka. Gatzetan jartzea eta beste teknika batzuk ezarri ziren, eta beste kultura gastronomiko batzuen eragina ere nabaria izan zen, Frantziako sukaldaritza finaren eragina adibidez. Geroago, elikagaien sektorearen industrializazioa etorri zen, eta horrek guztiak aparteko errezeta bilduma ekarri zuen, plater xume eta finek osatua eta euskal sukaldaritza munduko erreferentzia gastronomiko bihurtu duena.
“Lehen aldiz, gure historiaren, gure kulturaren, gure produktuen eta gure gastronomiaren arteko harreman zoragarria irudikatzen duen bisitaldia prestatu dugu, bost zentzumenetan zeharreko ibilbidea proposatuz. Besteak beste, gaztaren usaina, gozoki eta likoreak, gatzaren testura, Jarana auzoan deskarga-garaian sortzen zen zalaparta, eta Altzoko handiaren dietaren aparteko irudia gertutik ezagutzeko aukera izango da bisitan zehar; eta amaitzeko, gure historiaren produktu garrantzitsuenetako batzuen dastaketa izango da”, azaldu dute ohar baten bidez.
Bisita hau prestatzeko, museoak Storyfeeling Studiorekin lan egin du eta museoko erakusketa iraunkorrean txertatu dituzte bisita egin ahal izateko elementuak, hamar puntutan antolatuta.
Maiatzeko eta ekaineko ostiral eta larunbatetan programatu dira bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz, 19:00etan hasita. Bisitak ordubete inguruko iraupena izango du eta ondoren proiektuan laguntzaile den Bokadon dastaketa egingo da. Txartelak museoan bertan eros daitezke eta prezioa pertsonako 15 eurokoa da.
Egutegia:
Maiatzak 11, ostirala: gaztelaniaz
Maiatzak 12, larunbata: euskaraz
Maiatzak 25, ostirala: euskaraz
Maiatzak 26, larunbata: gaztelaniaz
Ekainak 1, ostirala: gaztelaniaz
Ekainak 2, larunbata: euskaraz
Ekainak 8, ostirala: euskaraz
Ekainak 9, larunbata: gaztelaniaz
Ekainak 15, ostirala: gaztelaniaz
Ekainak 16, larunbata: euskaraz
Ekainak 22, ostirala: euskaraz
Ekainak 23, larunbata: gaztelaniaz
Ekainak 29, ostirala: gaztelaniaz
Ekainak 30, larunbata: euskaraz