
Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeak itsasoko zaborren arazoaren inguruan autokontzientzia sortzea helburu duen ‘Itsasbehera’ erakusketa estreinatuko du maiatzaren 10ean. Adierazpide plastiko eta bisualak erabiliz, Carlos Arrola artista eta surflari bizkaitarraren obra honek itsasoen egoerarekiko “sentsibilizazio bidaia pertsonala” proposatzen digu, zentro donostiarraren arabera.
Itsas zaborrari buruzko lau urtetako ikerketen emaitza da erakusketa, eta euskal kostaldean bildutako plastiko eta hondakinekin dago osatua. Inaugurazioa ostegunean izango da, 19:00etan, doako sarrerarekin. Erakusketa uztailaren 8ra bitarte egongo da ikusgai.