Langileen Elikagai Banku Solidarioko kideak dira Imanol?Esnal (Donostia, 1997)?eta Eki Etxeberria (Donostia, 1997). Taldea langileentzako tresna bilakatzea espero dute.
Imanol Esnal eta Eki Etxeberria Langileen Elikagai Banku Solidarioko kideak. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Zergatik sortu zen Langileen Elikagai Banku Solidarioa?
Eki Etxeberria (E.E.): Langileen gune prekarioenekin lanean zebiltzan elkarteak Elikagai Bankuen Espainiako Federazioa eta Caritas ziren, besteak beste. Horien burokraziak eta jarrerak janaria eman eta jasotzen dutenen artean klase desberdintasunean oinarritutako harreman zehatz bat sortzen du. Egoera horretan alternatiba bat eskaintzeko sortu zen Langileen Elikagai Banku Solidarioa, Madrilen eta Valentzian.
Gainera hiri horietan faxismoak Euskal Herrian baino indar gehiago du, eta janariaren laguntza demagogikoki erabiltzen duten taldeak sortu ziren, hala nola Hogar Social.
Diskriminazioan oinarritzen ez den elikagai banku bat sortu duzue, hortaz.
Imanol Esnal (I.E.): Bai, baina ez da hori bakarrik. Langileentzako tresna bat izan dadila bilatzen dugu, bere inguruan batu eta elkarrekin ukabil sendo bat osatzeko.
E.E.: Langileen Elikagai Banku Solidarioa deitzen da, momentuko arazo larriena elikagaiena delako, baina gure helburua ez da horretara mugatzen. Etorkizunean etxebizitza eta lanaren arazoak ere lantzeko asmoa dugu.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
E.E.: Jada Euskal Herriko bi puntutan sortu ditugu taldeak, hemen eta Errenterian. Gasteiz eta Iruñean sortzear daude ere. Donostiako taldea irailean eratu genuen eta bospasei kidek osatzen dugu.
Hala ere, familiak ere taldeko kidetzat hartzen ditugu, beste elikagai bankuetan ez bezala. Gurean ez baitugu janaria eman eta jasotzen dutenen arteko bereizketa egiten. Gure helburua familiek bankua kudeatu eta elikagaiak beraien kabuz lortzea da. Momentu honetan zortzi familia dauzkagu taldean, erabateko parte hartzearekin.
Laguntzarik jaso al duzue?
I.E.: Udalari laguntza eskatzea pentsatu genuen, baina ez genuen gehiegi espero. Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzako laguntzak urriak dira eta luzaz itxaron beharko genituzke.
E.E.: Hori ikusita, gaztetxeengana jotzea erabaki dugu, eta Antiguako Txantxarreka gaztetxeak gela bat utzi digu bertan elikagaiak biltzeko.
Zein egoeratan daude zuengana jotzen duten familiak?
E.E.: Familia kanpotarrak dira gehienbat. Askok denbora luzea daramate hemen eta lanean dabiltza ere, baina horrek ez dizkie bizitzeko baliabide minimoak bermatzen.
Nola biltzen duzue janaria?
I.E.: Supermerkatuen sarreran jartzen gara, bizilagunak langileen arteko elkartasunera deituz. Karitatea eta elkartasuna bereiztea garrantzitsua da guretzat.
E.E.: Elikagaiez gain, eguneroko bizitzarako ezinbestekoak diren produktuak biltzen ditugu, hala nola xaboia, tanpoiak, hortzetako pasta… Hilabetean behin familiekin elkartzen gara banaketa egiteko.
Zein da orain arte topatu duzuen oztoporik handiena?
I.E.: Supermerkatuen kolaborazio falta. Ez digute ezta kanpoan egoten uzten ere.
E.E: Eroski, BM?eta Super Amarak Elikagai Bankuen Espainiako Federazioarekin esklusibotasun itun bat sinatu dute, eta beste guztioi bilketak egitea debekatzen digute.
Nola jar daiteke jendea zuekin harremanetan?
E.E.: Familiak eta lagundu nahi duten pertsona oro taldera gonbidatzen ditugu, beti ere inplikazioz parte hartzeko prest badaude. Bosa.eusk@gmail.com helbidera idatzi diezagukete.