Pirata jantziak prest dituzte
Berritasunekin iritsi dira Bidebietako Txanpontxo jaiak. Bihar eta etzi kontzertuak egingo dituzte, eta azken egunean afari herrikoia egingo dute agur gisa.
Txanpontxo Guardaplata bidetik jaistearekin batera lehertzen da festa urtero Bidebietan. Atzo arratsaldean jaitsi zen jaietako pertsonaia auzora, eta igandera arte jardueraz betetako egunak izango dituztela iragarri zuen.
Musikaz gozatu nahi duenak, esaterako, aukera ederra izango du gaur gauean. Izan ere, Txanpontxo rock X. jaialdia egingo dute 5. blokean. Talde hauek ariko dira zuzenean: Pangea, Atxurra Sound Band eta Obduccion de la amenaza. Jaialdia gaueko 00:00etan hasiko da, baina horren aurretik ere musika izango da. 22:00etan hasiko da Gealman taldearen kontzertua, eta ordu berean abiatuko da Rock Kam Broom talde donostiarraren kamioia auzoko kaleetan barrena.
Bihar, larunbata, jada ohikoa duten mozorro festa egingo dute, eta piratak izango dira aurtengo gaia. Beraz, mozorroak jantzi eta kalera aterako dira festazaleak. Lehenengo pintxo potea egingo dute, eta afalostean lehiaketaren txanda izango da. Aurten, gainera, larunbaterako ere kontzertuak antolatu dituzte. Edonola, klasiko gisa duten larunbateko dj-a mantenduko dute, noski.
Herri kirolak urtero izaten dituzte, baina aurten, lehen aldiz, emakume aizkolariak eramango dituzte plazara igandean: Irune Izkue eta Maika Ariztegi.
Bukaera, taldean
Orain arte ez bezala, jaiei bukaera emateko elkartu egingo dira Bidebietako bizilagunak igandean. Afari herrikoi bat egingo dute kalean, bakoitzak etxetik eramandako janariarekin. Elkarrekin afaldu ostean, mikrofonoa hartu eta karaokean kantatzeko garaia izango da! Gainera, hurbiltzen diren guztiek doan izango dute lehenengo kontsumizioa txosnan.
Jaiak bukatu arren, astelehenean barrakek auzoan jarraituko dute, eta egun osoan euro baten truke izango dira bidaiak.


