Abiadura handiko tren geltokiaren eraikuntza proiektua aurkeztu dute
Donostiako Udaletxean aurkeztu dute Atotxako abiadura handiko geltoki berriaren eraikuntza proiektuaren esleipena. Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Eneko Goia alkateak eta Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak parte hartu dute agerraldian.
Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bidez, Eptisa/Cinsa eta Jon Montero eraikuntza enpresen elkartzeari esleitu dio proiektua. Hamar hilabeteko epea eta 861.033 euroko aurrekontua –BEZ-a gehitu gabe– izango dute aurrera eramateko. Tapiak adierazi duenez, 2019ko urte bukaeran geltoki berriaren lanekin hastea da helburua, eta 2023rako geltokia erabilgarri egotea.
Donostiakoa izango da abiadura handiko trenaren Euskal Y-aren lehendabiziko geltokia. Behar funtzionaletara eta arkitektura zein hirigintza arloko eskakizunetara egokitzen den proposamenaren bitartez, trenbidea autobus geltokiarekin eta Tabakalera-Egiarekin integratuko da Norteko geltokian.
Donostia-San Sebastian Tabakalera
Geltoki berriaren proiektuak udalaren eskaerak aintzat hartu dituela azpimarratu du Goiak: “Intermodalitatea, inguruarekin hiri integrazioa eta Norteko geltokiaren elementu historikoak babestea”. Arkitektura eta hirigintza ikuspegitik mugarria izango dela gaineratu du. “Geltoki modernoa izango du hiriko erdialdeak, eta gainera, Tabakaleratik sarrera berri bat izango du”. Alkateak De la Serna ministroari, geltoki berriaren izen proposamena ere egin dio: “Donostia-San Sebastian Tabakalera izatea gustatuko litzaiguke”.
Proiektuaren xehetasun teknikoak hemen ikus daitezke.