Morlanstarrak auzo elkarteko kideek asteburu osorako egitarau zabala prestatu dute. Aurten lau urte beteko dira jai batzordeak auzoko festak berreskuratu zituenetik.
Morlansko jai batzordeko kideak, auzoko gazteekin. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Morlansen festa giroa nabaria da jada, gaur arratsaldeko zazpietan faroltxoaren piztearekin auzotarrek asteburu osoko festari emango baitiote hasiera. Bizilagunak gogotsu ageri dira, eta ez zaie horretarako arrazoirik falta. Izan ere, Morlanstarrak auzo elkarteko jai batzordeak egundoko egitaraua prestatu du beste behin datozen hiru egunetarako.
Asteburuko programa osatzeko aurreko urteetako egitarauetan oinarritzen badira ere, urtero berritasunak gehitzen saiatzen direla diote jai batzordeko kideek. Taldea bospasei pertsonek osatzen dute, baina inguruan beti laguntzeko prest dauden lantalde eta auzotar desberdinak dituztela aitortzen dute.
Aurtengo berritasunen artean gaur gaueko zezensuzkoa nabarmentzen dute auzotarrek, egitarauan haurrak oso kontuan hartzen dituztela azpimarratuz. Baina, era berean, aurten jaiek bere ekitaldi nagusienetako bat galdu dutela zehazten dute ere. Izan ere, egutegi arazoak direla eta, Donostiako Musika Eskolak igande arratsaldean eskaini ohi zuen musika emanaldia bertan behera geratu da. Auzotarrentzako pena handia izan da ekitaldi hori galtzea, baina datorren urterako berreskuratzeko asmo osoa dutela diote edozein kasutan.
Gainera, musikari dagokionez, aurten ahalegin handiagoa egin dutela azaltzen du jai batzordeak. Ostiral iluntzean musika emanaldi bat eta DJa izango dituzte. Larunbatean, berriz, afari musikatua eta berbena, eta igandean, azkenik, dultzaineroak eta trikitilariak irtengo dira auzoko plazara.
Iragana eta etorkizuna
Badira jada lau urte Morlanstarrak auzo elkarteak auzoko jaiak berreskuratu zituenetik, eta Morlans zaharrean betidanik bizi izan diren bizilagunek esfortzu hori asko eskertu dietela diote jai batzordeko kideek.
Festak urtez urte sendotzen joan direla diote taldeko kideek, egutegian euren lekua egitera iritsi diren arte. Lehenengo urtean festa egun bakarrekoa izan zela gogoratzen dute. Orain, berriz, asteburu osoko eta ekitaldiz beteriko egitaraua antolatzen du jai batzordeak, eta auzotarrek asteak pasatzen omen dituzte itxaroten, jaiak noiz iritsiko zain.
Etorkizunari begira belaunaldien arteko erreleboa beharrezkoa izango dela uste dute, ordea, jai batzordeko kideek. Harrobia badute, auzoko gazte batzuk laguntza eskaini baitiete jada horretarako. Baina jaien ardura hartzeko oraindik gazteegiak direla uste dute Morlanstarrek, laguntzaile berriak oso gogotsu ikusi badituzte ere.
Hemendik urte batzuetara jai batzordearen errelebo naturala izango dira, eta momentu hori iritsi bitartean, beraien neurriko ardurak hartzen hasiko dira aurtengo jaietatik aurrera. Igandean, adibidez, auzoan egingo duten bazkari autogestionatuan haurrek euren bazkari propioa izango dute eta, lehen aldiz, gazteen ardura izango da bazkari hori antolatzea.
Momentu atseginez beteriko asteburu ederra datorkie, beraz, Morlansko auzotarrei. Hori bai, aurreko urteetan eguraldi kaskarra izan dutenez, jai batzordeko kideek hatzak gurutzatu dituzte asteburuan euririk egin ez dezan. Zorte on eta ondo pasa!