Herri botereak erantzun du
Turismoaren Mundu Erakundearen bisitaren harira, Bizitza Da Handiena mugimenduak Borroka Sozialen Astea abiatu zuen larunbatean lurraldeko 60 eragile sozialen aldarriak uztartuz.
Bizitza Da Handiena egitasmoak herri mugimenduen indarrak batu ditu, eta egungo turismo ereduaren aurka altxatu da. 60 eragile sozialen atxikimendua lortu eta Borroka Sozialen Astea abiatu zuen larunbatean, Espainiako Enplegu Ministerioaren Idiakez kaleko zortzi solairuko eraikina okupatuz. Geroztik, mugimenduko kideak egunez egun irten dira hiriko kaleetara ekintza aldarrikatzailez beteriko egitaraua jarraituz. Bestelako gizarte eredu baten aldeko borrokak batu ditu eragile horiek guztiak. Jaietan Jai plataformaren protestak eta Satorralaiak Kontxako hondartzan Topoaren igarobidearen aurka egindako agerraldiak hartu zioten erreleboa okupazioari, besteak beste.
Astebeteko egitasmoa eguneroko 19:30etako asanbladetan oinarritu da, bere garaian Gipuzkoa Zutik mugimenduan egin zen erara. 2016ko udaran erraustegiaren kontrako aldarriak harrotu zituen hautsak. Oraingoan, turistifikazio prozesua hiriari inoiz baino kalte gehiago egiten ari zaion unean, TMEak hirian egin duen goi-bilerarekin piztu da herri mugimendua. Bi kasuetan, ordea, funtsezko aldarria berdina izan da: egungo sistema aldatu beharra dago.
Okupazio mugimenduaren abokatuen arabera, okupazioa hasi denetik hamar egun igaro arte poliziak ezin du legalki eraikina desalojatu. Astelehen goizean Idiakez kalera Ertzaintzaren bi agente bertaratu ziren eraikineko pertsona bat identifikatzeko, eta euren asmoa arau legala errespetatzea zela berretsi zieten orduan. Eraikin kanpoan egindako ekintzak, ordea, hurbiletik jarraitu eta oztopatu ditu poliziak. Arratsalde horretan, iazko maiatzean hiriko hotel batean egindako protestagatik jasaten ari den jazarpen polizial eta judiziala salatzeko prentsaurrekoa egin zuen Ernaik Gipuzkoa plazan. Ekitaldia amaitzerakoan, poliziak gazte antolakundeko kide bat eta bertan zeuden kazetariak identifikatu zituen. Une horietan, IRUTXULOKO HITZAk ertzainek euskaraz zuzentzeko eskatu zien gazte bat nola identifikatzen zuten grabatu zuen bideo batean.
Indarkeria poliziala
Tentsioak gora egin arren, Borroka Sozialen Astearen egitarauak aurrera egin zuen asteartean. Egun horretan, besteak beste, Aquariumaren aurkako protesta egin zuen Askekintza talde antiespezistak, eraikinaren izenaren gainean Urezko kaiola zioen pankarta ipiniz.
Hurrengo goizean, berriz, TMEaren goi-bileraren lehen jardunaldiarekin bat eginez, hainbat herritarrek Kursaal parean protesta egin zuten pentsionisten mugimenduak eta Bizilagunekin plataformak deiturik. ‘Gaizki etorri’ horri jarraipena eman zioten ere arratsaldean, Nazio Batuen erakundeko ordezkariek Tabakaleran ospatu zuten ekitaldiaren kanpoaldean protesta zaratatsua eginez. Txistuen soinuarekin bertara gerturatu ziren pertsonek, ordea, sekulako presentzia polizialarekin egin zuten topo: furgoiak, txakurrak, droneak… Bat-batean Ertzaintzak ekintza grabatzen ari ziren kazetariak eremutik kanporatu eta jendearengana jo zuen indarrez, jendartetik bi lagun atera eta atxilotuz.
Poliziaren jarrera hori salatzeko prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Bizitza Da Handienako kideek Alderdi Ederreko?Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Egun hauetan egin dituzten protesta baketsuen aurrean Ertzaintzaren jarrera «bortitza», «exajeratua» eta «neurrigabea» izan dela eta aste osoan zehar poliziak guztira 16 pertsona identifikatu dituela salatu zuten bertan. Identifikazio horien atzetik isunak iritsiko direla adierazi zuten ere, eta horiei aurre egiteko diruz laguntzeko prest dauden pertsonen eskura kontu korronte bat jarri dute.
Hala ere, jasandako erasoen aurrean Borroka Sozialen Astearen egitarauarekin berdin jarraituko dutela argi adierazi dute taldeko kideek eta, zentzu horretan, Bizilagunekin plataformak turismo ereduaren aurka gaurko deitu duen manifestazioan parte hartzeko deialdia zabaldu dute. Protesta 18:30ean abiatuko da Saguesetik, Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu! lelopean.
Bihar, berriz, Pentsio duinen aldeko aldarriarekin irtengo dira kalera, Araba, Bizkaia eta Nafarroako pentsionisten asanbladak deituta. Zutabe feminista 17:15etan abiatuko da Emakumeen Etxetik eta manifestazioa 17:30ean hasiko da Bulebarrean.
Asteburuan beste hainbat ekitaldi egingo dituzte hiriko kaleetan eta Idiakez kaleko eraikinean. Borroka Sozialen Astea igandean amaituko da, arratsaldeko azken asanbladarekin.