Gaur hasiko da 2018/19 ikasturteko Kirol Ekintza ikastaroetan aurretiko izen-ematea
Kirol Ekintzak ikastaroetan aurretiko izen-ematea irekiko da gaur, ekainaren 4an. Donostia Kirolaren Kirol Ekintzak 2018/19 Kirol Jardueretako Kanpainak 26.525 plaza eskainiko ditu datorren ikasturterako, 90 kirol ekintza mota baino gehiago eta 1.706 ikastaro (hilekoak, hiruhilekoak eta urtekoak).
Aurretiko izen-emateak 2018ko ekainaren 4tik 12ra (biak barne) egin ahal izango dira, eta pertsona bakoitzak izen-emate eskaera bakar bat egin ahalko du. Bakoitzean bi aukera jarri ahal izango dira, eta plaza lortzen dutenek, bietako bat bakarrik hartu ahal izango dute; kasu horretan, lehenengo aukera lehenetsiko da.
Izen-emateak interneteko orriaren bidez (www.donostiakirola.eus) egin daitezke, edo zuzenean, Donostia Kirolaren bulegoetan (Anoeta pasealekua, 18), 9:00etatik 14:00etara (larunbata 9 eta igandea 10a izan ezik). Gainera, honako kiroldegietan ere egin ahalko dira:
- Bentaberri, Bidebieta, Intxaurrondo, Etxadi eta Egia* kiroldegietan 10:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Paco Yoldi Igerilekuak kiroldegian 15:00etatik 20:00etara.
- Zuhaizti kiroldegian 9:00etatik 20:00etara.