Altsasuko gazteen atxiloketaren aurkako manifestazioaren amaiera. (Argazkia: Irutxuloko Hitza)
Goizean Guardia Zibilak Altsasuko gazte auzipetuak atxilotzeko egin duen operazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin dute gaur Donostian. Manifestazioa 19:30ean abiatu da Bulebarretik, eta manifestariek “alde hemendik, utzi bakean”, “Altsasukoak askatu”, eta “euskal gazteria aurrera” oihu artean zeharkatu dituzte hiriko hainbat kale.
Kalean zeuden Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea atxilotu ditu poliziak “ihes egiteko arriskua” argudiatuta. Bi urteko espetxe zigorra jaso duen Ainara Urkijo, berriz, ez dute atxilotu. Altsasuko gurasoek jakinarazi dutenez, Madrilera eraman dituzte eta arratsaldeko lehen partean epailearen aurretik pasa dira.
Jose Perals fiskalak auzipetuak bermerik gabe espetxera bidaltzeko eskatu dio epaileari, eta defentsako abokatuek gogorarazi dute gazteek ez dutela ihes egiteko ahaleginik egin inongo momentutan, beren aurkako zigor eskariak handiagoak zirenean ere. Epaileak, hala ere, bat egin du fiskaltzaren eskaerarekin eta
kartzelaratzeko agindua eman du.
Euskal Herriko beste hainbat herri hiritan ere manifestazioak eta kontzentrazio zaratatsuak egin dira gaur iluntzean, hala nola, Altsasun, Iruñean, Hendaian, Zarautzen, Durangon, Anoetan, Billabonan, Laudion, Baionan eta Lezon.
Ekainaren 16an Iruñean egingo den manifestaziora joateko deia egin dute atxilotuen gurasoek.
Hona hemen manifestazioa Bulebarrean sartu den uneko bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=1ER7yqB_sSs