
Eneko Goia, Joseba Asiron, Gorka Urtaran eta Juan Mari Aburto (ezkerretik eskubira), Miramarreko Jauregiko lorategietan. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Miramarreko Jauregian egin duten ekitaldian
Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz egitasmoaren aldeko atxikimendua adierazi dute Eneko Goia (Donostia), Joseba Asiron (Iruñea), Gorka Urtaran (Gasteiz) eta Juan Mari Aburto (Bilbo) alkateek. Lauek nabarmendu dute “
Euskaraldia lagungarria izango dela hiztunen aktibazioan eta hirietako euskararen erabilpenean”. Euskal hiriburuek euskara sustatzeko bidean duten garrantzia azpimarratu dute, “daukaten garrantziagatik eta lurralde osoan duten eraginagatik”.
Arrate Illarok,
Euskaraldiko koordinatzaileak gidatu du ekitaldia, eta alkateez gain, aurkezpenean parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta hizkuntza Politikako sailburuak, Miren Dobaran Hizkuntza politikako sailburuordeak eta Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Illarok esan du euskararen erabileran urratsak emateko ezinbestekoa dela hiriak praktika berrietarako eremu eroso bilakatzea, Euskal Herriko populazio gehiena hirietan bizi delako.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da
Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz. Egitasmoaren helburua hizkuntza ohituretan eragitea eta ondorioz, euskararen erabilera eta hiztunen aktibazioa bultzatzea da.
Egitasmoaren koordinatzaileak 10.000 biztanletik gorako udalerri guztiek
Euskaraldiarekin bat egin dutela baieztatu du, izan ere, guztietan daude proiektua antolatzeko lan-taldeak. “Momentu honetan 350 udalerrik egin dute bat
Euskaraldiarekin“, aipatu du Illarok, eta Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñearekin batera, Iparraldeko hiriburuek ere parte hartuko dutela gaineratu du: Baiona, Donibane Garazi eta Maule.
Eneko Goia Donostiako alkateak baieztatu du euskarak, ezagupenari dagokionez, “errealitate sendoa” duela, baina erabileran dagoela donostiarren erronka. Donostia “Euskararen hiria” aspaldi izendatu zela gogorarazi du, eta hiriak gaur egun duen errealitateak hori berresteko aukera ematen duela gaineratu du. “Donostiako kaleetan euskarak badu lekua baina beste esparru, leku eta eremuetara hurbiltzea da gure erronka, bizitzaren harreman-sare guztietara, alegia” esan du Goiak.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Bizkaiako hiriburuak euskararen alde egin duen apustua azpimarratu du, eta gaineratu du, gaur egun, hiru helburu estrategiko dituela hiriak: euskararen transmisioa, erabilera soziala eta hizkuntzaren kalitatea. Gorka Urtaran Gasteizeko alkateak, aldiz, Gasteizen euskarak izan duen bilakaera azpimarratu du, eta esan du 1981etik 2016ra bitartean euskaldunak eta “ia-euskaldunak” (hiztun pasiboak), 26.000tik 110.000ra igo direla. Bide horretan jarraitzeko konpromisoa agertu du eta baieztatu du “
Euskaraldia alferrik galdu ezin den aukera” dela. Bere aldetik, Joseba Asiron Iruñeako alkateak Iruñeak euskararen historian izan duen “garrantzia” nabarmendu du eta gogorarazi du euskara hiriburu nafarraren parte izan dela bere sorreratik. “Nafar erakundeek euskara babesteko eta haren erabilera sustazeko apustua egin dute, eta
Euskaraldia egitasmo lagungarria izango da bide luze eta emankor horretan”, ziurtatu du Asironek.
Hona hemen aurkezpeneko bideo bat:
https://youtu.be/rHQ4VlgFBnM