Egia eta Groseko Gizarte Zerbitzuetako zentro berria Atotxan egongo da
Gros eta Egiako Gizarte Zerbitzuetako zentroa ostegunean hasi zen zerbitzua ematen Atotxako zelaia plazan duen kokapen berrian. Horrela, kokapenak zerbitzuaren baldintzak hobetzea nahi dute.
Behin 2017 amaieran hitzarmena sinatuta, lokala egokitzeko lanak egin dituzte azken hilabeteotan. Udalak guztira 231.369,94 euroko inbertsioa egin du eta lanak aste honetan bertan amaitu dira. Horrenbestez, Gros eta Egiako Gizarte Zerbitzuetako zentroa bere kokapen berrian zerbitzu ematen hasi da. Gizarte Ekintzako zinegotzi Aitziber San Romanen iritziz, lokala irisgarriagoa da, ikusgaitasun handiagoa du eta erabiltzaileentzako erosoagoa da. Eta ildo beretik, honakoa esan du: “Legealdiaren hasieratik gure helburua izan da zentroak hobetzea eta hiritarrei gehiago gerturatzea”.
Gogorarazi dute, 2016ko apirilean Loiolako Erriberetako Gizarte Zerbitzuetako zentroa ireki zela, 2017ko uztailean Amarako Gizarte Zerbitzuetako zentroa Morlansera lekuz aldatu zela, eta orain Egia eta Groseko Gizarte Zerbitzuetako zentroa Zuhaiztiko kiroldegitik Atotxako zelaia plazara lekuz aldatu dela.
Hirian gehien erabiltzen den Gizarte Zerbitzuetako zentroa
Gros eta Egiako Gizarte Zerbitzuetako zentroak gutxi gorabehera 37.000 biztanleei ematen die zerbitzu eta familia gehien artatzen dituen zentroa da. 2017an Donostiako Gizarte Zerbitzuetako zentroetan 14.600 familia artatu ziren eta, artapen horietatik, 2.836 Gros eta Egiako zentroan egin ziren.