"Musikan sortzen diren rolak eta egoerak kaka hutsa iruditzen zaizkigu"
Tremenda jauria; musika taldea.
Tremenda Jauria talde madrildarrak kontzertua eskainiko du Antiguako Dokan, larunbat gauean. Euskal Herria oso gogoko dutela diote, eta denek kontzertuaz gozatzea espero dute. Anonimotasuna mantendu dute hasieratik Tremenda Jauria taldeko kideek. Euren ideiak eta borroka sozialak zabaltzen dituzte musika dantzagarriaren bidez. Nolatan sortu zenuten taldea? Era naturalean sortu zen. Taldekide gehienak elkarrekin bizi ginen, etxe okupatu batean, eta aspalditik genuen taldearen ideia buruan. Etxearen urteurren jai batean, deia egiteko, abesti bat sortu genuen, eta ordutik hazten joan ginen. Abestiak sortzen hasi eta kontzertuak ematen. Babestuak sentitu ginen hasieratik eta sekula ez gara bakarrik sentitu erokeria honetan. Nahasten dituzue erritmo tropikalak eta ukitu elektronikoak. Apustu arriskutsua izan da, ezta? Bueno, baietz esan daiteke. Taldea sortu genuenean barne eztabaida handiak izan genituen. Batez ere erabiltzeaz reggaeton, hip hop eta cumbia estiloak, eta oraindik gai horrek buruko minak ematen dizkigu. Hasi ginenean, autotune edo reggaetona ez ziren oraingoak, familiarizazioa egon da. Garrantzitsuena izan da proiektu hau bideratzea ahalik eta erarik zintzoenean. Reggaeton feminista egiten hasi eta politika egitera iritsi zaretela esan daiteke. Egia esan, reggaeton feministarena gerora jarri diguten etiketa bat izan da. Gure ideia musika elektronikoa egitea zen, dantzatzeko eta perreatzeko, hor adieraziz gure ideiak eta borroka sozialak. Noski, borroka horien barnean feminismoak garrantzia handia du. Edonola, gu ez gara reggeatona bakarrik egiten duen talde bat, ezta feminismoaz bakarrik aritzen dena, baina beti dugu presente. Kontzertuak ematen eta bidaiatzen ari zarete etengabe. Zer moduz daramazue? Bidaiatzearena oso gogorra da, eta batez ere, zure hiritik kanpo egotea. Egia esan, eguneroko bizitza gogoko dugun jendea gara, eta gogoko dugu bat egitea konpromisoa eskatzen duten proiektuekin. Horrek talka egiten du bidaiatzearen kontuarekin, baina alderdi onak ere baditu. Zergatik egin duzue anonimotasunaren alde? Musikan sortzen diren rolak eta egoerak kaka bat iruditzen zaizkigu, eta horiek saihesten saiatzen gara. Baina batez ere, komuna sortzen lagundu nahi dugulako, borrokan eta perreatzen. Horretarako aurpegiak ez dira garrantzitsuak. Gehiago interesatzen zaizkigu proiektu kolektiboak norbanakoen proposamenak baino. Tremenda Jauria denok gara! Maskarak bihurtu dira zuen identitatearen parte. Nondik atera zen ideia? Lehenengo pentsatu genuen aurpegiak estaltzea, anonimotasunarengatik, eta gero gure diskurtsoaren parte izan zitekeen zerbait pentsatzen hasi ginen. Ez da Euskal Herrira zatozten lehen aldia. Zein harrera izan duzue orain arte? Ona baino hobea! Hara joatea sekulakoa da! Izugarri gustatzen zaigu, eta nabaritzen zaigu. Gure kontzertuen egutegian Euskal Herrian ditugu beste inon baino gehiago. Espero dugu Dokan denok gozatzea!


