Bakailao entsalada.
Osagaiak
– Bakailaoa
– Piper gorria
– Baratxuria
– Oliba olioa
– Ozpina
– Perrexila
Prestaketa
Pollitena jatetxearen plater arrakastatsuenetarikoa da honakoa, prestatzeko erraza bezain goxoa. Piper gorria egin eta tiratan moztuta jarriko dugu platerean. Ondoren, baratxuri txikitua gehituko diogu. Bakailao egosia jarriko diogu gero gainean, ez txikituta, baina ezta zati handietan ere. Ondoren oliba olioa eta ozpinarekin gozatuko dugu. Azkenik, perrexil pixka bat botako diogu gainetik. On egin!
Izaskun Otaño, Pollitena jatetxea
Izaskun Otaño, Pollitena jatetxeko arduraduna.
«Gauzak ongi egiten saiatu gara beti, lan asko eginez»
San Jeronimo kaleko hirugarren zenbakian dago Pollitena jatetxea. Kaleko zalapartatik urrun, eraikinaren lehen solairuan egin digu harrera Izaskun Otaño errenteriarrak. Leihoz inguraturiko jatetxe historiko honetan sukaldaritza tradizionala eta landua eskaintzen dutela azaldu digu berak.
Noiz sortu zen Pollitena jatetxea?
Agirre familiak ireki zuen, 1895ean. Lehen taberna zuen behealdean, eta goialdean jatetxea.
Zuek noiz iritsi zineten bertara?
Nire gurasoek, Guillermok eta Itziarrek, duela 20 urte baino gehiago hartu zuten jatetxea, Mikel Otegi sukaldariarekin batera.
Zuk erreleboa hartu zenuen ondoren.
Duela bost urte hasi nintzen jatetxea kudeatzen. Harrigarria da zein azkar pasatzen diren urteak!
Parte Zaharreko jatetxe zaharrenetarikoa izango da, ezta?
Hala da. Hiriko 100 urte baino gehiagoko negozioak biltzen zituen liburu bat argitaratu zuten duela zenbait urte, eta hor ageri zen Pollitena, Ponsol, Eskulanen etxea eta Donostiako beste establezimendu historikorekin batera.
Historikotasun hori nabaritzen duzue egunerokotasunean?
Bai. Gurera datorren jende askok bertan aspaldi bizitako uneak kontatzen dizkigu. Txikitan gurasoekin Pollitenara bazkaltzera zetozenak, jaunartzea hemen ospatu zutenak… Oroitzapen politak ekarri ohi dizkie jatetxeak bezero askori.
Zein sukaldaritza mota eskaintzen duzue?
Etxeko sukaldaritza egiten dugu, produktua kalitatezkoa izan dadila asko zainduz.
Jendeak zer eskatzen du gehien?
Dastatzeko menuak arrakasta handia du. 20 urte daramatza hemen, eta ez dugu inoiz aldatu. Urdaiazpiko pixka bat darama, gero txangurruz betetako piper gorri bat saltsa amerikarrarekin, legatza Pollitena erara eta, azkenik, azpizun hostopila foie saltsarekin.
Zerk egiten du berezia Pollitena jatetxea?
Jatetxe hau nire bihotza da, txikitatik hemen egon naizelako. Gauzak ongi egiten saiatu gara beti, lan asko eginez, eta horretan jartzen dugu gogoa. Bezeroarekiko harremana asko zaintzen dugu ere. Gertukotasuna eskainiz etxean bezala sentitu daitezela bilatzen dugu. Gainera, nire ustez lehenengo solairu batean egoteak kaleko masifikaziotik urrundu eta goxotasuna ematen dio jatetxeari.