EtsaiakEroak, Mendeku Itxua eta Kudai taldeak ariko dira Altzatarock jaialdian
Abenduaren 1ean izango da VII. Altzatarock jaialdia, Larratxoko kultur etxean. Hiru dira parte hartuko duten musika talde euskaldunak: EtsaiakEroak, Mendeku Itxua eta Kudai. Bizarrain euskara elkartea eta Donostia Kultura dira antolatzaileak.
Lekeitioko EtsaiakEroak Auo Etsaiak taldeko abeslariaren abentura berria edo jarraipena da. Etsaiak taldea banandu ondoren, errepertorioa mantendu eta kantu berriekin aurrera egitea erabaki zuen. Iaz Lur Errebeldean diskoa argitaratu zuten. Punk, rock eta metal doinuak uztartzen jarraitzen dute.
Usurbilgo Mendeku Itxua bandak bost urte eman ditu lozorroan, eta hilabete honetan itzuliko dira zuzenekoetara. Euskarazko heavy metala jorratzen dute estiloaren aitzindarien antzeko eran.
Donostia eta inguruetako musikariek osatzen dute Kudai taldea. David Heras lasartearra eta Goya sariduna da abeslaria, eta VII azken diskoko kantuak ikus-entzunezko bereziarekin eskainiko dituzte. Metal elektronikoa da beraien estiloa.