Txikitasunean, festak handi
Oletako jaiek, Igeldoko sanpedroek eta Altzako San Martzial festek bat egingo dute udaren hasierarekin. Asteburua behar bezala aprobetxatzeko jarduera asko antolatu dituzte.
Txikitik handira jotzeko joera dute. Altzaren magaleko Oletako jaiak abian dira, Igeldoko San Pedro festak bezala. Altzako San Martzial jaiak, berriz, asteburu honetan hasiko dira. Duten izaera propioaren alde eginez, bakoitzak egitaraua beraien neurrira antolatu dute.
«Badirudi atzo izan zela, eta hasi ginenetik 72 urte igaro dira. Guztion festak direnak, egunerokoak ahaztu, bazkide izan, eta denok gozatzeko asmoz, jende talde langile, gogotsu eta desinteresatu baten lan kementsuaren ondorio dira». Oletako jaien egitarauan irakur daiteke. Urtez urte, festa txikiak handiak izango balira bezala bizi dituzte, beti ere, auzotarren konpainiarekin. Azken errolda datuen arabera, 1.250 biztanle inguru bizi dira bertan.
Astelehenean hasi ziren festak eta igandean bukatuko dira. Kirol txapelketak bukatuta eta txupina botata, azken hiru eguneko txanpan sartuko dira. Gaur haurrentzako lasterketa egingo dute 16:00etan, eta iraganean egiten zen modua berreskuratuko dute. «Umea nintzenean auzoari buelta osoa ematen genion. Festa gunetik abiatu, Buenavistatik igotzen den errepidera iritsi eta Pasai aldean dauden etxeetaraino joaten ginen, azkenik, festa gunera itzultzeko», azaldu du Xabi Franco Oletako jai batzordeko kideak.
Umeentzako jolasak egingo dituzte ondoren, eta arratsaldea txistulari zein buruhandiek girotuko dute (19:00). Iluntzean, afari herrikoia egingo dute festa gunean. «Auzotar bakoitzak bere etxetik ekartzen du janaria, eta denak elkartuta afaltzen dugu», dio Francok. Egunari bukaera emateko DJ Ru XIV kontratatu dute bigarren urtez jarraian. «Iaz harrera ona izan zuen, eta auzotarrek ondo pasa zuten».
Biharko egitaraua zabalagoa da, eta baita askotarikoa ere. Kultur Lantegiarekin abiatuko dute eguna. «Auzotar batek lantegi bat dauka Oletan, eta ohitura du ikastaro moduko bat eskaintzeko. Ez digu esan zer prestatu duen, baina eskulanak egiteko aukera egongo dela uste dugu; haurrentzako aproposa», esan du Francok. X. Patata Tortilla lehiaketa, bazkari herrikoia eta mus txapelketa egingo dituzte jarraian, 13:00etan hasita.
Jaietako jarduera garrantzitsuenetakoa sardinaren jana izaten da. Bihar egingo dute 19:00etan, eta jende asko hurbiltzen dela esan du Francok. Gurea Elkartearen dantza erakustaldiak (19:00), lehen aldiz egingo duten diskofestak (21:30) eta San Joan suak osatuko dute egitaraua zezen-suzko eta guzti (00:00). Ondoren, dantza eta mozorro lehiaketa egingo dute, eta bukatzeko dantzaldia plaza talde gazte batekin. «Azkeneko urteetan jende gutxi geratu izan da dantzan eta festa giroan. Ikusiko dugu aurten», dio Francok.
Igandeak biribilduko ditu Oletako jaiak. Dianaren ostean, meza tradizionala mantendu dute (11:00). «Gero eta zailagoa da antolatzea, baina gure pertsona nagusiek eskertzen dute», azaldu du Francok. Parrilaz egindako pintxoak, Altza Kantuz kantaldia (12:00) toka zein bote lehiaketak, tute txapelketa, haurrentzako antzerkia eta txokolate jana ere izango dituzte festari bukaera emateko.
Ttonttorrorekin batera
Pasa den asteburuan eman zioten hasiera Igeldoko San Pedro jaiei, eta hurrengo bi asteetarako egitaraua ere badute. Ieltxo kultur elkarteko ikasturte bukaerako emanaldia izango dute gaur 17:00etan, eta erromeria batekin osatuko dute eguna Ieltxo bertako trikitilari eta pandero jotzaileekin (19:00).
San Joan bezpera ospatuko dute bihar, eta bada berrikuntzarik egitarauan. Lehenengo aldiz moda desfilea egingo dute 18:00etan. «Herritarrei esan genien soberan zituzten arropak ekartzeko, eta horiekin egingo dugu desfilea. Bakoitzak nahi dituenak jantzi eta erakutsiko lituzke. Gainera herriko makillatzaile eta ile-apaindegietako langileek atonduko dituzte parte hartzaileak», esan du Mikel Urruzola jai batzordeko kideak. Ondoren, arropa horien azoka egingo dute plazan. San Joan sua, berriz, 22:00etan piztuko dute.
Datorren asteko ostegunean igo eta jaitsiko da ttonttorro Igeldoko festei behar bezalako hasiera emateko. Ttonttorro txikiaren igoera 11:00etan izango da eta haurren egunari hasiera emango dio. Aldiz, ttonttorro handia 20:00etan igoko da. «Igeldokoak astoak gara, ttonttorroak, eta gure ohiturari jarraipena emango diogu. Gure maskota eta sinboloa da», azaldu du Urruzolak. Beste berrikuntza bat izango dute hilaren 28an. «Lehendabiziko tira-txina lehiaketa egingo dugu 20:30ean».
San Pedro eguna da igeldotarren egun estimatuena. Ekainaren 29rako «egitarau klasikoa» antolatu dutela dio Urruzolak. «Hamaiketakoa, herri-kirolak, toka herrikoia, pilota partida, idi-dema eta erromeria ez dira faltako». Festak, ordea, beste bi egunez luzatuko dituzte hurrengo asteburuan, eta nabarmentzekoak dira artzain zakur lehiaketa eta su artifizialak.
Oleta eta Igeldoko jaiekin batera, Altzako San Martzialak abiatuko dira gaur. Gomazko eta larruzko pala txapelketen finalak izango dituzte 19:30etik aurrera udal pilotalekuan. Bihar goizean, aldiz, erromeria egingo dute trikitilarien eskutik auzoko baserrietan zehar jaien egitarauaren berri emateko.


