Eskola ibiltariaren aurkezpena egingo dute ostiralean
Uztailaren 25etik 28ra eskola ibiltaria antolatu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Aurkezpena, berriz, ostiral honetan egingo dute Parte Zaharreko Arrano elkartean 20:00etan. Ondoren, bertso afaria egingo dute Peio Ormazabal, Maddi Sarasua eta Aitor Bizkarra bertsolariekin. Sarrerak salgai daude Urka, Zulo Zahar eta Marruma tabernetan, zazpi euroren trukean.
Nafarroako hainbat herri bisitatuko dituzte, egunez egun. Irurtzunen hasiko da eskola ibiltaria, eta Uharte-Arakilen, Etxarrin eta Altsasun izango dira. Goizetan ibilaldia egingo dute herri batetik bestera, eta bazkalostean hitzaldi eta ikastaroen unea izango da. Eskola ibiltariak helburu batzuk finkatu ditu: ikasleek euskarazko aisialdia egitea, ikasturte osoan zehar egindako lanketa ikasleen artean elkarbanatzea eta ikaslegoa formatzea.