Emakumeen triatloia. (Argazkia: Donostiako Atletiko)
Larunbatean Donostian egin zen emakumeen triatloian euskaraz hitz egiteagatik lasterkari bat deskalifikatu zutela salatu dute. Lasterketan parte hartu zuten bi pertsonak egin dute salaketa, lasterketaren epaile batek gaztelaniaz hitz egitera behartu nahi izan zituela adieraziz.
Lasterkarien bertsioaren arabera, triatloian parte hartu ahal izateko boxetara NANa erakustera hurbildu zirenean eman zen gertakaria. Dirudienez, euren artean euskaraz hitz egiten ari zirela, lasterketako epaile batek gaztelaniaz hitz egin behar zutela esan zien. Beraiek euren artean hitz egiten ari zirela eta euskaraz mintzatzeko eskubide osoa zutela erantzun zuten, eta ondoko epaile batek hitza hartu zuen une horretan, haiei gaztelaniaz zuzendu behar zirela adieraziz.
Bi lasterkarietako batek lasterketa bukatzerakoan berarekin gaiaren inguruan hitz egingo zuela esan zion epaileari, eta horri erantzunez, triatloiaren txartel gorria atera zion eta lasterkaria probatik kanporatu zuen, errespetua galdu ziola argudiatuz.
Donostiako Atletiko arduratu da triatloiaren antolakuntzaz, eta gertakariaren berri izan duela konfirmatu dio klubak IRUTXULOKO HITZAri. Larunbatekoa “bi pertsonaren arteko liskarra” izan zela adierazi dute, baina kasua Euskadiko Triatloi Federazioaren eskuetan jarri dute hala ere, bertan gertatutakoa argitzeko asmoz.